[ARGAZKI GALERIA]: Durangoko merkatu plazaren berritze lanak uztailean hasiko dira

Anboto 2025ko mai. 9a, 11:19

Durangoko Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, uztailean hasiko dira Merkatu Plaza berritzen, uztailetik irailera egingo dituzte birgaitze lanak "merkatari zein baserritarrei ahalik eta gutxien eragiteko".  Epe horretan, azpiegitura egokitzeko, merkataritza-postuak berritzeko eta Durangoko gizarte  eta kultura bizitza dinamizatzera bideratutako espazio berriak sortzeko lanak egingo dira.

298.920,60 euroko inbertsioarekin, Durangoko Udalak azaldu du, beharrezko baliabideak esleitu dituela merkatua, funtzionala izateaz gain, pertsona guztientzat erakargarria eta irisgarria izango dela ziurtatzeko. Merkatu soila izatetik haratago, Merkatu Plaza topaketarako, bizikidetzarako eta herritarren partaidetzarako leku dinamiko bihurtuko dela esan dute. Merkataritza-postuei dagokienez, guztira 11 postu egongo direla jakinarazi dute.

"Merkatu Plaza birgaitzea Legegintzaldiko Planean jasotako proiektu estrategikoa da, Durangoren garapenarekin dugun konpromisoaren erakusgarri garbia. Proiektu honek 'esan eta egin, hitza eman eta bete' filosofia islatzen du, gure arlo adierazgarrienetako bat espazio moderno, irisgarri eta jasangarri bihurtuz, tokiko merkataritza bultzatzeaz gain, herritarren topaketa eta parte-hartzea ere sustatuko duena", esan du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!