Rio de Oro boluntario bila dabil, udan Saharako umeen harrera udalekuan esku hartzeko

Anboto 2025ko mai. 7a, 11:51

Bederatzi txanda antolatuko dituzte, bat asteko. Boluntario bakoitzak txanda bat edo bi aukeratu ahal izango ditu. Izen-emateak elkartearen web atarian egin daitezke. Bestalde, Rio de Orok jaialdi solidarioa egingo du maiatzaren 17an Landako Gunean eta Plateruenean. 

Rio de Oro Saharako umeen harrera udalekuan parte hartzeko boluntario bila dabil. Egonaldia Izurtzako aterpetxean egingo dute, ekainaren 26tik abuztuaren 29ra, eta aniztasun funtzionala duten umeak hartuko dituzte harreran. Elkarteak zehaztu duenez, bederatzi txandatan antolatuko dute egonaldia; txanda bat egingo dute asteko, barikutik barikura. Boluntario lanetan lagundu gura duenak txanda bat edo bi aukeratu ahal izango ditu. 

Izena emateko epea maiatzaren 25era arte dago zabalik. Inskripzioak riodeorodurango.com atarian egin behar dira. Interesdunek maiatzaren 31n jakingo dute zein txanda egokitu zaien, eta ekainaren 5era arteko epea izango dute parte hartzea baieztatzeko. Azken hori dela eta, begiraleek 30 edo 40 euro sartu beharko dituzte ES90 3035 0129 1112  9003 4483 kontu korrontean, egonaldiko gastuak ordaintzeko (Laboral Kutxa). 

Jaialdia datorren zapatuan

Rio de Orok jaialdi solidarioa egingo du datorren zapatuan, hilak 17, Landako Gunean eta Plateruenean. Fronte Polisarioaren urteurrenaren ospakizun ofizialarekin bat egingo dute, bai Durangon baita Euskal Herri osoan ere. Gainera, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Plateruenak musika taldeen bertsio lehiaketa hartuko du. Azken horretarako sarrerak hemen eskuratu daitezke.   

JAIALDIKO EGITARAUA (Maiatzaren 17a)

Landako Gunean

  • 11:00 Puzgarriak
  • 11:00 -15:00 Paella txapelketa (Inskripzioak Arkarazo tabernan (Durango) eta Gauargin (Iurreta).
  • 12:00 - 14:30 Saharar kultura: Saharar dantzak, Saharako tea eta gozokiak dastatzeko aukera.
  • 15:00 Bazkaria (kuskusa eta paella)
  • 17:00 Elektrotxaranga: Hamarru (Landako Gunean eta Ibaizabal auzoan)

Plateruenean

  • 20:00 Bertsio lehiaketa (10 euro): Zea Mays, Stevie Wonder, Karol G., Nirvana, Izaro, Catriel y Paco Amoroso, Barricada, Esne Beltza, Alanis Morissette eta Su ta gar.(Sarrerak entradium atarian eta Durangoko Arkarazo tabernan eta Iurretako Orekan eros daitezke).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!