Domeka honetan iritsiko da amaierara Durangoko Booktrailer lehiaketaren bederatzigarren edizioa, hain zuzen ere, San Agustin kulturgunean ospatuko da-eta sari-banaketa ekitaldia. Zabalarra, Jesuitak, San Antonio eta Fray Juan Zumarraga ikastetxeetako 11 eta 17 urte bitarteko 600 ikasle baino gehiagok parte hartu dute lehiaketan: 138 booktrailer aurkeztu dituzte lehiaketara.
Ikastetxeek 20 liburuko zerrenda izan dute eskura, horietatik 10 euskaraz eta beste 10 gaztelaniaz. Talde bakoitzak liburu bat aukeratu du, eta haren edukiak aintzat hartuta enpatia, errespetua, elkartasuna, pentsamendu kritikoa eta gai sozialak landu ditu. Horrez gainera, tailer teknikoak egin dituzte, ikus-entzunezkoak egin ahal izateko tresnak eta teknikak ikasten. Era berean, beste hainbat jarduera egin dute, hala nola Miñan antzezlana ikusi eta Durangoko bonbardaketaren aztarnak ezagutzeko bisita gidatuetan parte hartu.
Sari banaketa ekitaldia domekan, maiatza 11, izango da San Agustín Kulturgunean. 11-14 urteko lanik onenak eta 15-17 urteko lanik onenak 300 euroko saria eta liburu sorta irabaziko dute. Gainera, gidoi onena ere sarituko dute, 300 euro eta liburuekin. Azkenik, publikoaren saria jasotzen duen taldekide bakoitzak liburu elektroniko bana irabaziko du.