Durangoko udalbatzak prezioak eguneratu ditu adinekoentzako jangela zerbitzuan eta kalteberatasun egoeran daudenentzako etxez etxeko janari zerbitzuan.
Adinekoen egoitzako jangelako menua 4 edo 6,5 euroan eskainiko dute, bakoitzaren diru-sarreren arabera. Hala, 900 eurotik beherako pentsioa (pertsona bakarreko familia-unitatea) edo 1.500 eurotik beherakoa dutenek (bi pertsonako familia-unitatea) 4 euroan jasoko dute adinekoen egoitzako jangelako menua; kopuru horietatik gora daudenek, berriz, 6,5 euro ordainduko dute otordua.
Era berean, aldaketak egongo dira aurrerantzean, kalteberatasun egoeran daudenentzako etxez etxeko janari zerbitzuan. 900 eurotik beherako pentsioa (pertsona bakarreko familia-unitatea) edo 1.500 eurotik beherakoa dutenek (bi pertsonako familia-unitatea) 5,2 euroan jasoko dute otordua etxean. Hortik gorako diru-sarrerak dituztenek, aldiz, 7,2 euroan.
Durangoko udalak adierazi duenez, prezioen eguneraketa "inflazioaren ondoriozko kostuak eta gainerako faktore ekonomikoak" aintzat hartuta egin dute. Era berean, udal iturriek gogoratu dute menu bakoitzaren kostua 12,38 eurokoa izaten dela jantoki zerbitzuan, eta 9,82koa etxez-etxekoan. Udalak 361.388 euroko aurrekontu-partida bideratuko du zerbitzura, aurten.