Gudiker Alberdi Arrieta (Durango, 1976), Gaizka Larringan Iñurrategi (Iurreta, 1982) eta Carlos Gomez Etxeberria (Durango, 1972) Anbotopeko taldearen mende erdiko ibilbidearen lekuko izan dira, belaunaldirik belaunaldi. Gomezek sei urte eman zituen klubean, 90eko hamarkadan. Ondoren, Alberdik 17 urte luzez jantzi zuen Anbotopekoren kamiseta. "Horrela ditut belaunak", dio umorez. Larringan ere ez da atzean geratzen, 18 urte daramatzalako taldean, aldiro "urte sabatikoak hartuta", zehaztu duenez. Hiru belaunalditako oroitzapen eta bizipenekin klubaren ibilbidea errepasatu dugu.
Zelan izan zen klubaren sorrera?
Gudiker Alberdi: 40. urteurreneko bazkarian kluba sortu zutenek kontatu zuten. 1974a zen. Lagun kuadrilla batek areto futbolean aritu gura zuen, eta, Tabirako kantxa doan erabiltzeko, klub bat sortu behar zuten. Azkenean, saskibaloi taldea sortu zuten areto futbolekoa barik, ez dakit ondo zergaitik. Anbotopeko izenaren istorioa kuriosoa da. Kontatu zutenez, lagun baten aitak aterpe bat zuen Zabalaundi eta Asuntza artean, eta hara joaten ziren batzuetan. Anbotoren magalean zeuden, Pol-Poleko iturritik gertu, eta batek izen hau proposatu zuen: Anbotopeko Iturribidegane All Star. Federazioan izena luzeegia zela esan zieten eta Anbotopeko geratu zen.
Hirurak Tabirakotik heldu zineten Anbotopekora. Jokalari askok egin duten bidea da. Zein da joera horren arrazoia?
Carlos Gomez: Saskibaloia beste modu batera gozatzeko aukera eskaini zidan. Aldaketa bat izan zen, diziplina maila batetik eta sistemez betetako entrenamenduetatik dibertsio hutsagaitik jokatzera pasatu nintzen. Gure entrenamenduak lagunarteko partiduak ziren. Horrek ez du esan gura presiorik ez genuenik: irabaztea gustatzen zitzaigun.
G.A.: Anbotopekoren esentzia honako hau da: bestelako pretentsio eta aspirazioen gainetik, saskibaloia gustuko dutenei kirol honegaz gozatzeko aukera eskaintzea. Gero, nire sasoian jokalari guztiek jokatzen zuten. Gutxi asko, denek jokatzen zuten partiduetan. Horrek taldea batu egiten du, giro ona sortzen du.
Gaizka Larringan: Anbotopekon hasi eta gauza bat deigarria egin zitzaidan: ez zegoela entrenatzailerik. Behin, batek entrenatzaile aritu gura zuen eta ezetz esan genion (barrez). Sekula ez dugu jokaldi konkretu bat entrenatu. Jakina, saskibaloiko oinarriak eta dinamikak ezagutzen ditugu gure aurreko klubetatik. Carlosek esan duen moduan, gure entrenamenduak lagunarteko partiduak dira. Gure artean ez dago egorik, inor ez dago inoren aurretik. Taldekideak eta lagunak gara. Beste klubetako jokalariak askotan etorri dira gure entrenamenduetara; baita talde batean inoiz ibili bakoak ere.
G.A.: Belaunaldi askotakoak, gainera. 20 urteko gazteak eta sekretu guztiak dakizkiten 60 urtekoak. Lagunarteko batzuetan zenbat gozatu dudan! Denak lehiakorrak, irabazteko grinagaz eta pike sanoagaz.
Anbotopeko Lehenengo Erregionalean dabil. Behin baino gehiagotan mailaz igotzeko aukera izan duzue, baina bertan geratu zarete. Zergaitik?
G.A.: Hainbat arrazoi dago. Euskadi mailara igotzeko eskakizun bat harrobiko taldeak izatea da eta guk ez dugu hori ondo eramateko azpiegiturarik. Gero, urrunago bidaiatu beharko genuke, Euskadi osotik. Inoiz izan dugu igotzeko tentazioa, baina gaudenean jarraitzea erabaki dugu.
Anbotopekok nesken talde bat ere izan zuen.
G.A.: Bai. Berriagoa da, ia XXI. mendean sortu zen. Urte batzuk iraun zuen. Aurrera begira, nesken taldea berreskuratzea gustatuko litzaiguke.
Une honetan, zelan dago Anbotopeko?
G.L.: Denerik dugu: 28 bat urteko jende gaztea dugu, eta urteurrenaren harira taldera bueltatu diren beteranoak ere bai. Dena dela, jokalari batzuek utzi egingo dute aurten, eta atea zabalik dugu saskibaloia probatu gura duten denentzat. Neska-mutilak, honako helbide elektronikoa erabili daiteke gugaz hartu-emanetan jartzeko: amboto@bizkaiabasket.com
Zelan joan da denboraldia?
G.L.: Ligan Laugarren sailkatu eta Lauko Finalerako sailkatu gara. Final hori Durangon jokatuko da, Tabirako kantxan, maiatzaren 9tik 11ra.
Urteurreneko bazkaria ekainaren 7an da, Gran Hotelen. Zelan sortu zen ideia?
G.A.: Sorburua 25. urteurreneko bazkarian dago, Luis Zabala orduko presidenteak antolaturikoa. Jendeak ederto pasatu zuen eta 40. urteurrenean beste bat egin zen. 70 lagunetik gora batu ginen. Gero, 50. urteurrena antolatzea ere erabaki dug. Jokalari eta jokalari ohi guztientzat dago zabalik. Interesa dutenek Durangoko Xixilu tabernan eman dezakete izena.