Itzalaldiaren eraginez "funtsezko" hainbat zerbitzu eten dira Durangon

Anboto 2025ko api. 28a, 21:00

Herritarrentzako Arreta Zerbitzua (HAZ), udal liburutegia eta Landako I eta Landako II kiroldegiak itxi dituzte, 13:30etik 18:00etara.

Itzalaldiaren eraginez funtsezko horniduretan izan diren akatsen ondorioz, "funtsezko" hainbat zerbitzui eten dituzte gaur Durangon. Mireia Elkoroiribe alkatea buru izan duen Larrialdietarako Udal Batzordeak, udal liburutegia eta Landako I eta Landako II kiroldegiak aldi-baterako ixtea erabaki du, prebentzio neurri gisa. "Hornidura elektrikorik ez zegoelako eta espazio horien funtzionamendu egokia bermatu ezin zelako", ohar batean jakitera eman dutenez.

Arratsaldeko 18:00ak inguruan udalaren egoitza elektronikorako sarbidea berrezarri da, eta, herritarrek online tramiteak egin ahal izan dituzte. Gainera, Udal Liburutegia eta Tabira eta Arripausuetako kiroldegiak zabaldu dituzte berriro. BIhar 09:00etan, berriro batuko da Larrialdietarako Udal Batzordea, "argiteria publikoaren egoera espezifikoa eta konexio telematiko eta elektronikoen mende dauden zerbitzuak aztertzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!