[ARGAZKI GALERIA] Udalatx mendiak eta bere inguruak gordetako edertasuna ezagutzeko irteera

Anboto 2025ko api. 12a, 19:08

Udalatx Ezagutzen mendi irteera antolatu dute Durangoko Alpino Tabira eta Arrasateko Besaide mendi taldeek. Udalatx mendiaren eta inguruaren edertasuna eta aniztasuna ezagutzeko aukera izan dute bertaratu diren 70 bat mendizalek. 

Udalatx inguruko bazter ezkutuak ezagutzeko aukera izan dute gaur goizean Durangoko Alpino Tabira eta Arrasateko Besaide mendi taldeek antolatutako mendi irteeran parte hartu duten 70 bat mendizalek.

Arrasateko Udala auzotik abiatu da Udalatx Ezagutzen mendi irteera, Lurgorriko meategietarako bidea hartuz. Bertan Ugutz Basaurik Udalatxeko geologia eta burdin minerala izan ditu berbagai. Ondoren, Egomenditik Udalatxeko tontorrerantz abiatu dira, eta gailurrera iritsita Kobaundiko kobazulora jaitsi dira.

Hagin Zaharra dagoen ingurunera jarraitu dute, eta Udalatxek gordetzen biodibertsitatea ezagutzeko aukera izan dute mendizaleek Naiara Corcueraren ahotik. "Bertako artadiak zein harkaizti eta zelaiek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoak" azpimarratu ditu Corcuerak, antolatzaileek azaldu dutenez. Animalia mehatxatuak babestearen garrantzia ere azaldu du.

Udala auzoan amaitu dute ibilbidea. Bertan Besaide mendi taldeak prestatutako hamaiketakoak izan dute zain mendizaleek. Antolatzaileen berbetan, "ezagutu dugu Udalatx ez dagoela Urkiola Parke Naturalaren barruan,  Durangaldeko gainontzeko mendiak bezala. Eta horrek zaurgarritasun ikutu bat ematen diola bertako aniztasun ekosistemari, ez baitu gestio propio bat egiteko gaitasunik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!