Alpino Tabira mendi klubean prest daukate abuztuko irteera. Bazkideentzako izen-ematea amaituta, oraindik plaza batzuk daude eta interesatu ororentzat ireki dute izen-ematea.
Abuztuaren 1etik 11ra, Lleidako Piriniotan zehar ibiliko dira, Áneu inguruetan, bi aukera posiblerekin. Alde batetik, mendiko aterpez aterpe egiten den 5 egunetako trekkina proposatu dute, La Porta del Cel moduan ezagutzen den goi mendiko zeharkaldia. Bertan aukera izango da, besteak beste, Pica d’Estats gailur desiratua erdiesteko (3142 m). "Ibilbidea gogorra bezain ederra da. Berau, goi mendian ibiltzera ohituta dauden mendizaleentzat aukera interesgarria da baina aurretik, gomendatzen dugu Carros de Foc bezalako zeharkaldiren bat egina izatea", adierazi dute Alpinoko arduradunek ohar batean.
Bigarren aukera lasaiagoa da. Esterri d’Áneun egonaldia eginda, egunez egun mendi-ibilbideak egingo dituzte, batzuk goi-mendiko inguruetan. Kasu honetan egunero bueltatuko dira ostatura gaua pasatzera.
Proposamen biak paraleloan doaz, baina trekkina laburragoa denez (5 egun), gainontzeko egunetan partaideek Esterri d’Áneu- n ere izango dute ostatua gordeta, geratzen diren ibilbideetan ere parte hartu ahal izango dutelarik.
Izen ematea era presentzialean soilik egin daiteke, Alpinoko bulegoko ohiko ordutegian. Informazio gehiago nahi izan ezkero www.alpino-tabira.org web orrialdera jo daiteke.