"Emakume sahararrok protagonistak gara bizitza politiko, sozial eta ekonomikoan"

Anboto 2025ko api. 11a, 09:30

Saharar herriak bere etorkizuna erabakitzea. Horixe da Suelma Beiruk ministro sahararrak bost hamarkadatako gatazkari irtenbidea bilatzeko modua. Euskal Herriko hainbat udal bisitatu du babesa eskertzeko, baina baita saharar herriaren borroka ahaztu ez dadin ere.

Zein da Durangoko Udalera egindako bisitaren helburua?
Durangoko instituzioekin hartu-emana estutzea da bisitaren helburua. Baita Durangon orain dela urte askotatik gugaz lanean dabilen Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz, Río de Orogaz, hartu-emana estutzea ere. Gauza askotan laguntzen digute eta esker on mezua helarazi gura izan diegu denei. Elkartearen bitartez, desgaitasunen bat duten umeak uda guztietan Oporrak Bakean programaren barruan etortzen dira hile birako. Guretzat oso garrantzitsua da errefuxiatu kanpalekuetan bizi diren umeek hile bi hemen pasatzea. Denbora horretan azterketa medikuak egiten dizkiete eta beste errealitate bat ezagutzen dute.

Zelako egoera bizi duzue momentu honetan Tindufen?
Kanpamentuei buruz berba egiten denean, jendeari gune desorganizatu bat datorkio burura. Haimak datozkie burura, beste leku askotan legez. Saharar kanpamentuetan haimak zeuden hasieran, dendak gero, eta adobezko etxeak ere badaude gaur egun. Kanpamentuak oso antolatuta daude, eta instituzioak ere sortu ditugu herritarrak babesteko. Eskolak, ospitaleak, administrazioak eta instituzioak ditugu. Ditugun baliabide apurrekin eta heltzen zaigun nazioarteko laguntzagaz ahalik eta ondoen antolatzen ahalegintzen gara, herritarren onerako.

Zein egoeratan dago gatazka politikoa?
Gerran gaude. 2020ko azaroaren 13tik gerran gaude, marokoarrek tregua akordioa hautsi zutenetik, Marokok gerrarik ez dagoela esaten duen arren. Egunero biktima marokoarrak daude, Marokok ezkutatu egiten dituen arren. Biktima sahararrak ere badaude.

Zein da saharar herriarentzat gatazka honen irtenbidea?
Herri sahararrari autodeterminazio eta independentzia eskubideak aitortzea. Erreferendum bat adostu zen 1991n Nazio Batuekin, Polisarioak eta Marokok onartuta. 30 herrialde baino gehiagoko kontingente bat heldu zen lurralde sahararrera, MINURSO, erreferenduma antolatzeko. Horixe da bidea, herri sahararrak erabaki dezala. Oso argi dago saharar herriak libre eta independente izan gura duela. Horregaitik Marokok ez du akordiorik errespetatzen.

Zer egin dezake Nazioarteko komunitateak?
Demostratu dezake egoera honen erruduna eta negoziatu gura ez duena Maroko dela. Intransigentzia horren berri eman dezake. Saharar herriaren borroka legala da bere autodeterminazio eta independentziara bidean.

Zein da emakumeen papera saharar herrian?
Ezaguna da saharar herriaren borroka, eta baita emakume sahararrena ere. Gerra hasi eta herritarren exodoa hasi zenean, kanpamentuetan bizitzen hasi ginen eta paperak banatu genituen. Gizonek armak hartu zituzten eta frontera joan ziren, armada marokoarrari aurre egitera. Emakumeok kanpamentuak antolatzeari ekin genion. Laguntzak bideratzea eta instituzioak eraikitzea ere gure zereginetako bat izan zen, bai edukiz eta baita fisikoki ere. Emakume sahararrok protagonista gara bizitza politiko, sozial eta ekonomikoan, kanpamentuetan eta baita herri sahararraren borrokan ere.

Zelan baloratzen duzue Durangaldeak saharar herriaren alde martxan ipinitako ekimenak?
Laguntza handia da, eta ez bakarrik materiala, baita politikoa ere. Elkartasun hau hasieratik bidelagun izan dugu, bai Euskal Herritik eta baita Durangaldetik ere. Desgaitasuna duten umeentzako Oporrak Bakean proiektuaz gainera, elikadura arlokoak eta elkartasunekoak ere badaude. Aste honetako harrera ekitaldian bertan, Durangoko Udalaren babesa jaso dugu.

Zein mezu helaraziko zenieke Durangaldeko bizilagunei?
Herri sahararrak borrokan jarraitzen duela, ia 50 urte daramatzagula borrokan, injustizia baten biktima izaten. Gizateriak justizia eta giza eskubideak babestu beharko lituzke. Familiak banatzen dituen horma luze bat dugu eta 12 milioi minagaz inguratuta daude. Biktimarik gehienak zibilak dira. Beste parte bat okupatuta dago eta sufrimendua handia da. Egoera hau presente izatea eta ezagutaraztea garrantzitsua da, denon artean nazioarteko legaltasuna errespetatua izan dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!