Karta-kromoak trukatzeko topaketa antolatu dute Durangon

Ekaitz Herrera 2025ko api. 10a, 10:53

Durangoko guraso talde batek umeek bildumatu ohi dituzten karta-kromoak trukatzeko topaketa antolatu du Durangon. Topaketa zapatuan egingo dute, 11:00etan, Andra Mariko arkupean. Adrenalyn bildumako kartak trukatuko dituzte, futbolari loturikoak, baina egitasmoa zabal-zabalik dago beste gairen bati buruzko txartelak elkartrukatu ahal izateko ere. 

Kromoak elkartrukatzeko joera atzera ere boladan ipini dela dirudi, eta Durangoko guraso talde batek futbolari loturiko kartak trukatzeko topaketa antolatu du zapatu honetarako.  11:00etan batuko dira Andra Mariko elizpean, seme-alabak lagun, haien bildumak osatzeko asmoz. Guraso horietako bat Iban Baltzola da, sei urteko mutiko baten aita: "Gure semeak sei urte ditu, eta bete-betean dabil kromoak elkartrukatzen, bere lagunekin eta bere eskolako kideekin. Momentu honetan oso boladan dago karta-trukea", azaldu du. 

Bildumarako kromoak elkartrukatzeko topaketak aspaldidanik egin izan dira Bilboko Plaza Barrian, besteak beste. Oraindik ere hainbat dira domeketan Bizkaiko hiriburura joan eta kartak trukatzeari eusten diotenak. "Aurreko batean Durangoko hainbat gurasok egin zuen bat Plaza Barrian. Seme-alabekin joan ziren, kartak elkartrukatzera. Hori dela eta, hiriburura joaten ibili barik, topaketa Durangon antolatzea erabaki dugu", argitu du Baltzolak. Iragarri duenez, zapatuko egitasmoak behar besteko arrakasta badauka, aurrerantzean ere topaketa gehiago egingo dituzte: "Izan ere, bilduma osoa dendan erositako kromoekin osatzea ezinezkoa izaten da. Horregatik, umeek beren trukatze esparrua handitu behar izaten dute, kartak elkartrukatu eta bilduma handitzen joateko. Gainera, egitasmoak Durangoko askotariko ikastetxeetako umeak batzeko aukera eskainiko du", azaldu du Baltzolak.

Zapatuko topaketan futbolaren arloko Adrenalyn bildumako kromoak elkartrukatzeko batuko dira, baina egitasmoaren bultzatzaileek adierazi dute topaketa zabalik dagoela bestelako karta-bildumak trukatzeko ere. "Batzuek futboleko kartak elkartrukatzen dituzte, baina badira bestelako gai batzuk ere, Pokemonak, esaterako", azpimarratu du Baltzolak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!