Ortu ludikoak egingo dituzte Durangoko Eguzkitza auzoan

Anboto 2025ko api. 9a, 11:59

Durangoko Udalak kontsulta publikoa hasi du aisialdirako ortuen erabilera arautzeko. Herritarrek partzelen tamaina, ortuetarako sarbideak, lagapenen iraupena eta talde espezifikoentzako espazioak gordetzeko aukera zehaztu ahalko dute, besteak beste.

Durangoko Udalak ortu ludikoak egingo ditu Eguzkitza auzoan, hegoaldeko biribilgune altutik gertu. Horretarako, ordenantza bat sortuko du herritarren parte hartzeagaz; dagoeneko zabaldu dute kontsulta publikoa. Herritarrek eta eragileek apirilaren 27ra arteko epea izango dute partehartu.durango.eus atarira sartu eta ekarpenak egiteko. Besteak beste, partzelen tamaina, ortuetara sartzeko aukera, lagapenen iraupena eta talde espezifikoentzako espazioak zehaztu ahalko dituzte.

Proiektua 2020an ipini zuten martxan; ordu hartan 20.000 euro bideratu zituzten diseinura. 2022an, 100.000 euroko diru-partida bat onartu zuten eraikuntza-lanak finantzatzeko, baina zenbateko hori ez zen nahikoa izan. Horregatik, iaz, aurrekontua 238.000 eurora handitu behar izan zuten. 

Obrak hasi aurretik, Udalak ezinbestekotzat jotzen du herritarren iritzia jasotzea eta erabilera arautuko duen ordenantza zehatza definitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!