Durangoko Pasiñoaren 30. urteurrena hainbat aldaketekin dator. Horietako bat, zuzendaritza aldaketa da; aurtengoan, Susana Alarcon eta Josune Goienetxea Juan de Itziar Kultur Elkarteko kideek hartu dute ardura hori. Hain zuzen ere, Alarconek antzezpenaren ibilbidea ospatzeko modurik onena, "harmailak ikuslez betetzea" dela nabarmendu du. "Antzezlan hau ez da ohiko via crucis-a. Herritarrek maitasun osoz egiten dugun antzezlan bat da. Aurtengoa, aitortza bat izango da hiru hamarkada hauetako lanari. Urte oso bateko lanaren emaitza izango da, gainera", azaldu du gaurko prentsaurrekoan. 30. edizio honetarako, ahalegin berezia egin behar izan dutela aitortu du, gainera. "Dena ez da liluragarria, eta aurten egindako lan guztiaren ostean, publikoaren txaloak asko eskertuko ditugu". Juan de Itziar elkartean egiten ari diren belaunaldi aldaketaz ere eman ditu azalpenak zuzendariak. "Belaunaldi aldaketa errealitate bat da, gazteak hurbiltzen ari dira, baina 30-50 urte bitarteko jende gehiago behar dugu". Aurtengoan, eszenografia "modernoago" bat izango dutela aurreratu dute, baita ere.
Bestalde, antzezlaneko paper nagusietakoak diren Jesus eta Mariaren azalean, Markel Gamboak eta Izaskun Astondoak errepikatuko dute. "Ez dut gustoko nire paperari bakarrik garrantzia ematea, 120 herritarren lanaren emaitza da hau, horrek ematen dio balioa nireari", azpimarratu du Gamboak. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak parte hartzen duten herritarren lana eskertu du. "Durangoko Pasiñoa gure nortasunaren eta talde lanaren indarraren isla da, antzezpen bat baino askoz gehiago", gehitu du.
Sarrerak bihartik aurrera egongo dira salgai El Arco tabernan