Zazpi taldek parte hartu dute 'Labur Esanda' lehiaketan, iaz baino bi gehiagok

Anboto 2025ko api. 8a, 18:00

Lehenengo saria Bergarako eta Oñatiko 'Sanpru' taldeak irabazi du. Bigarren eta hirugarren sariak Durangoko 'Bihotzetik Irudira' eta 'Ahuntz Esnea' taldeek irabazi dute, hurrenez hurren.

Joan zen asteburuan Labur Esanda lehiaketaren bosgarren edizioa jokatu zen Durangon. Aurtengo edizioan zazpi lehiatu dira, iaz baino bi gehiago. Taldeek obsesioa izan dute filma eraikitzeko gai, katea elkarrizketetan sartu beharreko berba, eta "ez da berdina, baina berdin da" elkarrizketetan sartu beharreko esaldia. Berbaro euskara elkarteak adierazi duenez, irabazleek primeran baliatu zituzten hiru aldagaiok.

Lehenengo saria Bergara eta Oñatiko Sanpru taldeak irabazi zuen, Bi Erreal filmarekin. ”Plano, kamara-mugimendu, edizio eta soinu bikainak izan ditu, eta gaia eta objektua bikain sartu dituzte”, adierazi zuten epaileek. Bigarren postua Bihotzetik Irudira talde durangarrak eskuratu du Nire errua film laburrarekin, eta hirugarrena Ahuntz Esnea taldea izan zen, Ruben lotu filmarekin, hori ere herriko taldea.

Epaimahaia Xabier Zabalak, Ainhoa Olasok eta Ainhoa Zabartek osatu dute; aho batez azpimarratu dute aurtengo lanen maila altua.

Lehiaketako zazpi film laburrak Youtubeko lotura honetan ikus daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!