Errenta aitorpena

"Gomendagarria da aitorpena aholkulariak lagunduta egitea"

Ekaitz Herrera 2025ko api. 8a, 08:30

Laster helduko dira errenta aitorpena egiteko proposamenak Bizkaiko ogasunetik Durangaldeko etxeetara. Behar den moduan eginda ailegatuko dira askotan, eta buruko min bategaz edo bestegaz, beharbada, beste batzuetan. Durangoko Uribarri aholkularitza bulegoko kideek laguntza ematen dute errenta aitorpena behar den moduan egiteko. Gema Vidalek erantzun die ANBOTOren galderei.

Laster helduko zaigu errenta aitorpena egin ahal izateko gutuna Ogasunetik buzoira. Zergaitik da inportantea errenta aitorpena behar den moduan aurkeztea?
Aldaketak egiten dabiltza Ogasuneko programan, eta daturen bat ondo ez egotea gertatu liteke. Hau da, datuetariko batzuk zehaztu barik agertuko dira proposamenean, eta guri egokituko zaigu horiek aitorpenean txertatzea. Alokairuan bizi bagara, adibidez, alokairuaren errenta ez zaigu islatuta ageriko, eta antzekoa gertatuko zaigu seme-alaben kasuan ere. Dena ondo begiratu behar dugu, eta falta dena ipini. Gomendagarria da behin, gutxienez, aholkulari publiko edo pribatu batengana joatea. Falta direnak eta ez direnak ikusten lagunduko digu.

Izan ere, aitorpena egoki egitearen ardura herritarrarena da, nahiz eta zirriborroa edo proposamena Ogasunak bidali hari.
Aitorpena behar den moduan egiteko betebeharra zergadunarena da. Jende askok uste du zirriborroa Ogasunak egiten duenez, akatsen bat dagoenean, ardura hori Ogasunarena dela, baina hori ez da horrela. Ardura hori zergadunarena da, txarto zegoen zerbait baieztatu duelako. Beste kasu batzuetan, Ogasunari dirua eman beharra egokituko zaio baten bati, baina beharbada ez du errenta aitorpena zertan egin. Horregaitik diot, behin, gutxienez, profesional batek lagunduta egitea lagungarria dela.

Zein kasutan gaude errenta aitorpena egitetik salbuetsita?
Ordaintzaile bat baino gehiago izan dugunean, eta kopuruak 14.000 euroko muga igarotzen ez duenean. Kasu horretan, ez gaude aitorpena egitera derrigortuta, baina horrek ez du esan gura egin ezin dugunik, guretzat egitea interesgarria izan daiteke eta. Salbuetsitako beste kasu bat ordaintzaile bakarra izan eta 14.000tik 20.000 eurora arteko diru sarrerak izatea da. 

Zeintzuk dira kanpaina honetako nobedadeak?
Kenkariek, umeei eta desgaitasunari loturikoek, adibidez, igoera txiki eta orokortu bat izango dute, eta badirudi deflaktazio bat egongo dela oro har, hau da, % 2,5 gutxiago deklaratu beharko dugula aitorpenean. Bestalde, epigrafe berri bat sortu dute: bertsolaritzaren epigrafea. 

Adibide praktikoak ipintzen hasita, hona hemen honako hau: demagun banandu egin naizela eta seme-alabak ditudala.
Lehenengo eta behin, zure bikotekide ohiagaz zelako hartu-emana duzun aztertu beharko litzateke, eta seme-alaben adina kontuan hartu. Izan ere, banaketa kasuetan kenkariak eta aitorpen bateratua ditugu aukeran. Gurasoek, oro har, kenkariak izango dituzte.
%
50eko kenkaria bakoitzak. Alabaina, seme-alabak 18 urtetik beherakoak badira, umeak gurasoetariko baten aitorpenean agertu ahal izango dira, familia unitate modura, guraso bietako baten aitorpenean. 

Beste kasu bat: demagun etxebizitza erosi dudala. 
Kasu horretan, etxebizitzaren eskriturak beharko ditugu. Modu horretan, maileguari eta etxebizitzaren erosketari loturiko gastuak sartu ahal izango ditugu aitorpenean: notaritza gastuak, tasazio gastuak eta etxe-agentzien gastuak. Horrek guzti horrek balioa handituko dio etxebizitzari. Gainera, aintzat hartu beharreko beste kontu bat gurasoek edo baten batek etxea erosi ahal izateko utzitako dirua da. Partikularren arteko mailegu bat egin behar da, eta hori Ogasunean aurkeztu. Askotan, horrelako kontuak errenta aitorpena egin aurretik pentsatu behar dira, gerora gatxagoa izaten da-eta horiek aitorpenean islatzea.

Azken kasu bat: herentzia bat jaso dut.
Herentziak tributatzen ditugunean ez gabiltza errentak tributatzen. Jendea askotan nahastu egiten da gai horregaz. Herentziaz etxe bat edo diru kopuru bat jaso baduzu, hori ez da errenta modura aitortuko, hori, jada, aldez aurretik beste nonbait deklaratuta ageri delako. Herentzian jasotako etxea saltzean, orduan bai, higiezina irten egiten delako gure ondasunen artetik. Kasu horretan, deklaratu egin beharko dugu.

Zergaitik da lagungarria zuen moduko aholkulari fiskalengana jotzea?
Nobedade guztien berri dugulako, hainbat kasugaz lan egiten dugulako, eta informazio ugari heltzen zaigulako; badakigulako zein gastu sartu eta zein ez. Beti da komenigarria errenta aitorpena baten batek gainbegiratzea, araudi zabala du eta.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!