"Urriken sinistu izana eskertu gura diet bezeroei"

Aitziber Basauri 2025ko api. 6a, 10:30

Urrike liburu dendak 1981ean zabaldu zituen ateak lehenengoz, Frai Juan Zumarraga kalean. Asun Lopezek (Durango, 1959) familia negozioko —Iurretako Casa Paco taberna— lanagaz uztartu zuen liburu dendako lana urte askoan. 2003an, Kalebarriara lekualdatu zuen liburu denda, negozioari irtenbide komertzial hobea emateko. Paperezko liburua digitala baino gurago du; poltsan bat darama beti.

Urrike utzi eta etapa berri bati ekingo diozu. Erabaki gatxa izan da?
Bai. Bizitza guztia daramat liburu saltzaile legez, gustuko dudan lana egiten. Baina, geratu ezean, noiz arte jarraituko dut, ba! Erabakia hartzeko momentua heldu da. Pena apur bat bategaz nago, baina pozik aldi berean. Liburu denda hartuko dutenek primeran egingo dute. Hunkigarria eta atsegina da bezeroei entzutea nire falta sentituko dutela eta lanean jarraitzea gura luketela. Baina ulertzen dute urte asko izan direla. Bezero legez bueltatuko naiz. Nigan sinistu izana eskertu gura diet bezeroei, eta Urriken izandako konfiantzari eustea eskatu. 

Liburu dendak beste esku batzuetan jarraituko du. Garrantzitsua zen Urrikek bere bidea egiten jarraitzea?
Bai. Urrikek balio handia duela uste dut. Liburu denda ezaguna da eta ondo lan egin dugu. Bezero asko dugu eta ez genituen umezurtz utzi gura. Arduradun berriak gogoz eta ilusioz daude negozioa hartzeko. Ondo joatea eta disfrutatzea espero dut. Zenbait momentutan sufritzea ere tokatuko zaie, nik sufritu dudan moduan. Bizitzan legez.

Magisteritza ikasi zenuen. 
Baina irakasle ez izatea erabaki nuen. Ardura handia da!

Urte hauetan guztietan, aldatu egin da bezeroa?
Ez, Durango hiri txikia da, denok elkar ezagutzen dugu. Bezero kopurua handituz joan dela esango nuke.

Zerk du arrakastarik gehien?
Hori bestseller eta publizitatearen menpe dago eta liburu batzuk derrigor eduki behar dira. Bestalde, liburuak eroslearen nahieran ekartzen ahalegintzen naiz. 

Jendea bestseller bila dator?
Jakina! Ibon Martin, Ken Follett... Baina bestelako liburuak ere asko irakurtzen dira: narratiba, saiakera...

Zer irakurtzen duzu zuk?
Denerik apur bat. Orain, Amor Capital irakurtzen nabil, Karmele Jaiorena.

Jaitsi egin da irakurzaletasuna? 
Sasoi batean nahiko jaitsi zen, baina gazte jende asko etortzen da liburuak erostera. Gainera, gaur egun oso edizio politak eta zainduak egiten dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!