"Iraganaz berba egiten denean, emakumea kanpoan gelditzen da beti"

Aritz Maldonado 2025ko api. 4a, 11:00

(Argazkia: Isabel Mellén)

Isabel Mellen (Gasteiz, 1986) filosofo eta arte historialaria emakumeen ikuspuntua kontakizun historikoan txertatu beharraz arituko da, besteak beste, Durangoko Arte eta Historia museoan egingo duten 'Voces' topaketan

Orain arteko kontakizunetan arrakalak sortu, eta Artearen Historiaren ikuspuntuak ezagutzeko helburuagaz antolatu dute zapaturako Ahotsak topaketa Durangoko Arte eta Historia museoan. Goizetik hasita, Dorleta Ortiz de Elgueak, Cristina Gutiérrez Meursek, Eugenia Tenenbaumek eta Isabel Mellenek berbaldiak emango dituzte, bakoitzak bere aldetik. Ondoren, elkarregaz egingo duten eta Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak gidatuko duen solasaldiagaz borobilduko dute ekitaldia. Mellenek El sexo en tiempos del románico liburua kaleratu du.

Zein paper zuten emakumeek garai erromanikoan?
Emakumeak artean izan duen garrantziaz hitz egiterakoan, arte garaikidera jotzeko ohitura dago. Erdi Aroko emakumeek euren desira, genero rolak eta bizitza oro har nola adierazten zuten azalduko dut; azken finean, nobleziako damak izan ziren tenplu edo elizen sustatzaile nagusiak. Oraindik ere gune erlijiozkoekin lotzen ditugu elizak batez ere, baina emakumeen aztarna ere hor dago. Distantzia tenporalak ere eragiten du. Urrunago igartzen ditugu, eta informazioa galdu egiten da hor. 

Zergaitik ezkutatu da hori?
Kasu honetan, nahiko agerikoa da: patriarkatuagatik. Ezagutza, edo egitura sozialak gizarteak eskatzen duenaren arabera eraikitzen dira, eta, beraz, ezagutza inoiz ez da objektiboa, eta batzuetan, boteretik bideratuak egon daitezke. Erdi Arotik gaur egunera patriarkatuaren gorakadak egon dira eta emakumeari jokabide konkretu batzuk esleitu zaizkio, ez errealitate historikoaren araberakoak, baizik eta patriarkatuaren interesaren araberakoak. Erdi Aroa fake news edo albiste faltsuez bete dute, orduko gauza asko ezkutatu dute. Garaia patriarkala zen, hori egia da, baina malguagoa zen. Gizartean, emakumeek bazuten euren botere maila patriarkatuaren barruan. Gaur egun ere patriarkatuan bizi gara emakumeok, baina duela 30, 40 edo 50 urte baino hobeto gaude. Kasu honetan, eremu konkretu bati buruz ari naiz, elizari buruz. XIX. eta XX. mendeetan elizak historian izan duen botere mailarik handiena izan zuen. Hezkuntza ere kontrolatzen zuen. Gerora ere jarraitu du horretan, eta, beraz, esan daiteke emakumeak ikusezin bihurtzeko ahalegina egin duela; eliza emakumeak baztertzen eta azpiratzen saiatu da beti, eta horrek ez du bat egiten, adibidez, tenpluen eraikuntzen atzean emakumeak zeuden egitate historiko eta frogatuekin. 

Garai erromanikoan egitura misogino indartsuak garatu ziren, emakumeen boteretzeari erantzuteko. Gaur egungo olatu atzerakoiaren antza du?
Prozesuek beste prozesu batzuk gogorarazten dituzte, garai guztietan gertatu direlako horrelakoak. Nik XI. eta XIII. mendeen arteko garaia ikertu dut, batez ere; erromanikoaren garaia. Nobleziako emakumeek botere handia zuten gizartean, genero rol konkretu batzuekin, eta gizonek beste batzuk zituzten. Emakumeak parte hartze handia zuten sozialki, eta, rol horien barruan, onartzen ziren euren jardun horiek. Goiko jerarkia elizkoiak ez zuen botere gehiegirik garai hartan, eta gehiago lortzeko, erreforma bat abiatu zuen XI. mendean. Sexualitatea kontrolatzeko saiakera egin zuen; zelibatua debekatu zuen, besteak beste, eliza barruko sexualitatea kontrolatzeko, eta gero, sexualitate laikoa kontrolatzeari ere ekin zion, emakumeen gorputzari zegokiona, batez ere. Ugalkortasunak botere handia ematen zien garaiko emakumeei, euren gorputzen bidez garatzen baitzituzten ondorengotzak, eta elizak hori kontrolatu nahi zuen. Beraz, elizak zuzenean eraso zien emakumeen gorputzei, eta misoginia hori garatu zuen; olatu misogino hori XI. mendean hasi zen, baina eragina mende batzuk geroago igarri zen, XIII. mendean gehiago, eta nabarmen XV. eta XVI. mendeetan. Aldaketak, beraz, progresiboki gertatu ziren. Eta hor, bi pentsakera nabarmentzen dira, bitxiki; alde batetik, tradizionala, sexualitate guztiz libre bat bizi duena, eta bertan emakumeen botere maila handia dena; eta, bestetik, mentalitate misoginoa, berria zena, eta gaur egungo incel mugimenduagaz paralelismoak dituena. Hau bezala, eliteak gidatua dagoen mugimendua da, gizonak kontrolatuta nahi dituzte, eta emakumeenganako gorroto hori gauzatu dezaten bideratzen dituzte diskurtsoak. Egia esan, gaur egungoarekin paralelismo asko ikusten dizkiot, incel horiek peoiak zirelako orduan, eta, gaur egun, burua jaten diete, eliteen onurarako. Distantzia historikoak horrelako prozesuak ikustea errazten du, eta gaur egungoekin paralelismo horiek ikustea lagungarria da, baina bitxia da: orduan berritasuna zen pentsamoldea tradizionala da gaur egun. Diskurtso hori itzuli nahian ari da, baina zailtasunak dituela uste dut; izan ere, aldaketak gertatzen direnean, zail da atzera egitea. Incel diskurtsoen atzean diru asko sartzen dute, eta bere garaian eliza zegoen bezala, gaur egun aberats batzuk daude. Ezer ere ez da kasualitatea edo espontaneoa, goitik behera orkestratuta dagoen erantzun bat da.

Dekalogoa kaleratu duzue, kontakizun historikoan emakumeena ere kontuan hartzeko.
Horrelako erremintak beharrezkoak dira. Asko tematzen dira berdintasun balioetan, baina beti errelato bera kontatzen dugu, eta hori interesatua da. Iraganaz gauza asko esan daiteke, eta laburtzera jotzen da. Eta, a ze kasualitatea, emakumea kanpoan geratzen da beti. Beraz, garrantzitsua da iraganaz beste ikuspegi batzuk ezagutzea, ez bakarrik gizon boteretsuena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!