[BIDEOA]: Omenaldi hunkigarria Jon Irazabali, Martxoaren 31ko oroimen ekitaldian

Ekaitz Herrera 2025ko mar. 31a, 22:26

Memoria historikoaren haria ez da eten gaur Durangon. Gerediaga elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak Martxoaren 31ko oroimen ekitaldia egin dute arratsalde honetan, Andra Mariko elizpean. Aurten, Jon Irazabal omendu dute, Durangoko bonbardaketan gertaturikoak ahanzturatik ateratzeko lan nekaezina egin zuena.

Jon Irazabalen Iñaki eta Itziar neba-arrebek jaso dute lore-sorta, Nerea Mujika Gerediagako lehendakariaren eskutik. Ekitaldian zehar ez dira falta izan musika (Xabier Amuriza, Ertzilla aita-alabak), Kriskitin dantza taldeko kideen saioa, bonbardaketako biktimen testigantzak, eta duela gutxi Kaliforniako Unibertsitate batek argitara ateratako irudi ikusgarriak, 1937ko maiatz aldekoak, Durangaldean, besteak beste, filmaturikoak. Ekitaldia bukatuta, Irazabalen familiako kideek Andra Mariko arkupean jarri dute lore-sorta, bonbardaketa oroitzen duen plakaren ondoan.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!