Durangoko Euskal Herrian Euskarazek Baionako manifestaziora joateko autobusa antolatu du

Anboto 2025ko mar. 28a, 10:55

Auziperatuek eta euskalgintzako kideek Baionan egindako agerraldia. (Argazkia: EHE)

Apirilaren 6an, Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa egingo du Lapurdiko hiriburuan,  "euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatzeko", eta epaiketa zain dauden kide biri elkartasuna adierazteko. Mobilizazioak hiriko epaitegitik irtengo du 11:30ean. Durangoko EHEk autobusa antolatu du bertara joateko. 

Autobusak Madalenatik irtengo du 9:15ean. Izena eman gura dutenek Durangoko Euskal Herrian Euskarazekin ipini beharko dute hartu emanetan, durangokoehe@gmail.com helbidera idatzita. Bestela, Intxaurre tabernara bertaratuta ere eman ahalko dute izena. Buetako bidea 16:30ean egingo dute. Autobusak ordu horretan irtengo du Baionatik Durangora. Autobusean izena emateko prezioa 13 eurokoa da. 

Margoketen harirako epaiketa

Iazko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kide bi Baionako Justizia Jauregiko teilatura igo ziren "desobedientzia zibileko ekintza" bat egitera. Justizia Euskararentzat zioen margoketa egin zuten auzitegian. Ekintza harekin, "frantziar eta espainiar konstituzioen baitan, euskaldunontzat ez dagoela justiziarik" aldarrikatu nahi izan zuten, estatu horiek biek euskaldunen eskubideak "behin eta berriz zapaldu eta euskaraz bizitzea ukatzen" dutela iritzita.

Orain, margoketa egin zuten kide biak epaiketa zain daude; apirilaren 11n epaituko dituzte. Horrenbestez, Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 6an Baionako kaleak hartzeko deia egin du, bai auziperatuei "elkartasuna adierazteko", baita "euskararentzat eta euskaldunontzat benetako justizia aldarrikatzeko" ere.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!