Durangoko duatloiak lasterketa inklusiboa ere izango du bihar

Anboto 2025ko mar. 28a, 11:30

Iazko eskola arteko duatloia. MUGARRATT

Bost mailatan parte hartu daiteke, benjamin aurrekoetatik gazteetara. Ezkurdi plazan izango da.

Aurten ere, Mugarra Triatloi Taldeak Durangoko Duatloia antolatu du, martxoaren 29rako. Ezkurdiko plaza izango da erdigunea. Gazteen artean kirol honegazko zaletasuna piztea da helburua. Bost maila egongo dira, benjaminaurrekoetatik hasi eta gazteetara arte. Aurten nobedade bat ere badago: lehenengoz, lasterketa inklusiboa egingo dute, Mugarrako kideek jakinarazi dutenez.

Urtero legez, gazteak adinka banatuko dituzte. Kadeteak eta gazteak izango dira lehiatzen lehenengoak, 10:00etan. Azken horiek egingo dute distantziarik luzeena:  2,5 kilometro korrika, 10 km bizikletan eta 1,5 korrika. Segidan, haur kategoriakoen eta kimu mailakoen txanda izango da, 11:00etan eta 11:30ean, hurrenez hurren. Azkenik, benjaminak (12:00etan) eta benjaminaurrekoak (12:30) ibiliko dira korrika eta bizikletan.  Lasterketa inklusiboa 13:00etan hasiko da.

Benjaminetatik haur kategoriara arteko umeen izen ematea egunean bertan ere egin daiteke, Ezkurdin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!