Topaklown jaialdiagaz, Ganso&Ciak klown unibertsoa hurbildu zuen Durangora, eta, bide batez, Durango bera mapan ipini zuten. "Topaklown jaialdiaren oinordekoa da Tontolapiko Eguna", azaldu du Cecilia Paganini Ganso&Cia konpainiako kideak. "Maratoia izateko bokazioz jaio zen, gainera", gehitu du Gorka Gansok. Durangoko Tontolapiko Egunaren laugarren edizioa apirilaren 18an egingo dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etan hasita, bost emanaldi egingo dituzte: Karrikak Parkingdarrak antzerki laburraren bost saio plazaratuko ditu; gainerako konpainiak nazioartetik datoz. Adibidez, Mundo Costrini (Frikis) Argentinatik eta Les Enfants sérieux (Happy apocalypse to you) Frantziatik. Ual-La talde katalanak Play ikuskizuna taularatuko du, eta Jjivema Cavalletti valentziarrak B.O.B.A.S. ikuskizuna. Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak lan guztien maila nabarmendu du. "Emakumeak horrelako roletan ikusteko aukera bikaina da, emakumeei pailazoarena egitea askoz gutxiago barkatzen baitzaie gizonei baino", esan du; lanak MAX sarietarako izendatuta daudela gogoratu du.
Tontolapiko eguna 2025
- 12:00etan, Karrikaren Parkingdarrak.
- 12:30ean, Mundo Costriniren Frikis.
- 17:00etan, Les Enfants Sérieuxen Happy apocalypse to you
- 18:30ean, Jimena Cavallettiren B.O.B.A.S
- 20:00etan, Ual Laren Play!, Plateruenean.