'Bizipark' aparkalekua eraikitzen hasi dira Durangon

Anboto 2025ko mar. 25a, 08:30

Azpiegitura berriak bizikletak eremu estali eta zarratu batean aparkatzeko aukera eskainiko du urteko 365 egunetan. 24 bizikletarentzako lekua izango du.

Durangok bizikletentzako Bizipark aparkalekua izango du laster. Azpiegitura berria San Agustin Kulturgunearen parean egongo da, eta ibilgailuok eremu estali eta zarratu batean aparkatzeko aukera eskainiko du urteko egun guztietan. Guztira, 24 bizikleta gordetzeko lekua eskainiko du, eta zerbitzuak sartu-irtenak egin ahal izateko kontrol sistema informatikoa izango du. Azpiegitura eraikitzeko lanak martxan daude dagoeneko.

Durangoko Udalak nabarmendu duenez, Biziparka "aurrerapauso garrantzitsua" da bizikleta eguneroko garraiobide legez sustatzeko. Erabiltzaileek hainbat bonu izango dituzte aukeran: hileko bonua (lau euro), hiruhilekoa (10), seihilekoa (20) eta urtekoa (40). Interesdunek leku bat eskatzeko aukera izango dute inskripzio prozesua hasten denean. 

Proieutkak 48.217 euroko inbertsioa izan du. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du oso-osorik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!