Hamarkadetako lana batu duzu 'Formatik Haratago' erakusketarako. Gatx egin zaizu aukeraketa?
Gaia aukeratu genuen momentutik, nahiko argi neukan. Nire lana alde materialagaitik da ezaguna batez ere. Lehenengo liburua 80ko hamarkadan kaleratu nuen, eta hor jada elementuak lantzen hasi nintzen. Erakusketako gaia aukeratu genuenean, erakusketa hiru elementu espazialen (haizea, ura eta sua) inguruan izango zela erabaki genuen. Aurretik, ez dut erakusketarik egin gai hau hartuta. Gero, nahiko erraza izan da aukeraketa. Erakusteko duzun espazioaren arabera ere moldatu behar da; ezin duzu gehiegi kargatu, ez hutsik utzi. Hiru elementu espazialekin lanak batu ditut erakusketarako.
Elementu espazialak gai lez hartuta egin dudan lehenengo erakusketa da. Baina hemen daudenetariko obra asko ez ditut lehenengoz erakusten. Berriak ere badaude, jakina. Elementu espazialen gai edo tematika hau hartutako lehenengoa da.
Elementu espazialak, baina, oso presente egon dira zure obran.
Bai, beti egon dira hor. Baina orain gai modura garrantzi handiagoa emateko aukera izan dut. Egia esan, materia eta elementuak beti landu izan ditut paraleloki.
Erronka izan da erakusketa hau?
Erakusketako lanak egitea ez da erronka izan; jendeari alde espazial hau zelan landu dudan ikusaraztea izan da erronkarik handiena. Hori da gatxena. Espazioak duen inportantzia materiagaz, edo lurragaz, orokorrean, duten beharrizana. Nik beharrizan hori izan dut, alde hori inoiz baino argiago edo zehatzago agertzea.
Erakusketak aste batzuk daramatza martxan. Zelako harrera izan du?
Sorpresa ona hartu dut. Jendearen erantzuna, kopuru aldetik, oso ona izan da; bestalde, kontatu didatenagaitik, hobea izan da eurek jaso duten mezua. Asko harritu egin dira, eta harridura hori gauza positibo legez hartu dut. Bisitaria obra barrura sartu da, eta horixe da, hain zuzen ere, artistak gura duena, azaletik obra barrura sartzea. Obraren balioa hortxe dago, atzean.
Zelakoa izan da elemetu espazialak lurreko elementuekin uztartzea? Egurragaz, burdinagaz, harriagaz...
Natura orokorrean ulertu ahal izateko, derrigorra da ulertzea materiak espazioa behar duela, eta berdin espazioak materia. Orduan, erakusketak elementu espazial horietatik haratago eraman gura du bisitaria, gizakiari sortzen zaion emozio eta alde poetiko hori ikusarazi gura dut. Elementuek ez dute forma konkreturik, baina mezu poetiko horrek bilatzen dira, hala ere. Formak inportantzia du, erakargarritasuna hor dagoelako, lehenengo kolpe horretan; nire obrek forma dute, baina gutxi, materia bakoitzak bere forma edukitzea gura dut. Ezin da bilatu forma konkreturik, eta hortik gura dut bisitaria harago eraman. Kasu honetan, guk oinak ditugun lurrak forma eta materia ditu, baina gu, azkenean, gu bizi gaituen elementuak espazioan daude, arnasten dugun haizea, edaten dugun ura, edo behar dugun berotasunean. Hankak lurrean, baina burua espazioan dugu, eta hor sortzen diren sentsazio eta emozioen bilakaeren inguruan landu dut obra hau.
Bisitetan ere idea horietan sakonduko duzu.
Ahaztu egiten dugu elementuen beharrizana dugula zentzu guztietan, eta erakusketagaz hori ikusarazi gura dut. Elementuak fundamentalak dira gu bizitzeko, baita sentitzen duguna sentiarazteko ere. Derrigorrez behar ditugu bizitzeko. Nik naturara begira lantzen dut beti nire obra, eta hor badago ahalegin bat jendea naturari begira jartzeko. Azkenean, sentitzen dut naturatik kanpora bizi garela pertsona asko. Hori pentsatzeari bost minutu eskainiko bagenizkio, sikiera, beste modu batera biziko ginateke. Egia da, gailuen ondorioz eta, uhin desberdinez betea dugula bizia. Baina bizia ematen digutenak lurra eta espazioan dauden elementuak dira. Besteek entretenimenduak ematen dizkigute. Bizia materiak eta elementuek ematen dute; bai eman eta baita kendu ere. Naturaren balioa ikusten ez badugu, galduta egongo gara.
Durangon bertan eskulturak ere badituzu. Zer hartu-eman duzu Durangogaz?
Gure eskualdetik, Lea-Artibaitik, hurbilen dagoen herririk handiena da Durango. Horrez gainera, kultura mugimendua ere badu, eta horrek garrantzia du. Durangoko Azoka ere garrantzitsua da; orain urte asko, erakusketa bat egin nuen azokako hitzaldi aretoa zen gunean. Niretzat Durangaldeak gauza asko du; tartean, kultur ekitaldi asko. Gehiago balitu, hobe, baina badago mugimendua, eta Azoka da handiena.