Filtroko gertakariak gogora ekarriko dituzte

Aritz Maldonado 2025ko mar. 22a, 10:25

'El Filtro'. GUSTAVO CASTAGNELLO

La Dramática Errante konpainiak Uruguaiko Filtroko gertakariak lez ezagutzen direnak gogora ekarri ditu 'Filtro' antzezlanean; emanaldia domekan izango da, martxoak 23, 19:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean. 

Filtro La Dramática Errante konpainia bizkaitarraren nazioarteko lehenengo koprodukzioa da. Montevideoko Filtroko ospitalean 1994an gertatu zen sarraskia da antzezlanaren abiapuntua; Lana Uruguaiko hiriburuan estreinatu zuten iazko irailean, eta martxoan heldu da Euskal Herrira. Zazpi emanaldi egingo dituzte bertan; tartean, Durangoko San Agustin kulturgunean domeka honetan egingo dutena.  La Dramática Errantek egin ohi duen lez, gertaera historiko bat berraztertuko du lan honetan ere, galdera berriak planteatzeko. 1994ko abuztuaren 24an, hiru etakide espainiaratzearen aurkako protestetan, Filtroko ospitale kanpoaldeko istiluetan poliziak Fernando Morroni eta Roberto Facal uruguaitarrak hil zituen. Gertakari horiek ardatz hartu eta urtebete baino gehiagoko ikerketa baten ondoren aurkeztu dute Filtro. Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak zuzendu dute lana, eta Marcos Valls, Agustin Urrutia, Camila Parard eta Luis Pazos aktore uruguaitarrak dira protagonistak. Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak 2017an sortu zuten La Dramática Errante konpainia, eta Federico García Lorcaren Yerma antzezlanaren egokitzapenagaz hasi zuen ibilbidea. Altsasuko kasuan oinarrituriko Altsasu antzezlana izan zen ondorengo sorkuntza, eta gero heldu da Filtro. Urtarrilean Adiorik ez lana estreinatu zuten, konpainiaren laugarrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!