Aurten ere, Mugarra Triatloi Taldeak Durangoko Duatloia antolatuko du martxoaren 29an, Ezkurdiko plaza erdigune dela. Ume eta gazteen bost mailaten parte hartu daiteke: prebenjamin (+2017), benjamin (2015-16), kimu (2013-14), haur-kategoria (2011-12) eta kadete-gazte (2008-11) mailetan. Aurten nobedade bat ere badago: lehenengoz lasterketa inklusiboa egingo dute.
Duatloi eskolarretako izen-ematea Rockthesport plataforma bidez edo egunean bertan egin ahalko da. Kadete eta jubenilen kasuan, aldez aurretik egin beharko da izen-ematea Rockthesport plataforman.
Lasterketa inklusiboan parte hartu nahi duten gazteak aldez aurretik jarri beharko dira kontaktuan Mugarrako kideekin helbide elektroniko honetara idatziz: mugarratriatloitaldea@gmail.com
Mugarra triatloi taldeak dioenez durangoko herritarrek "beraien kirolaz disfrutatzea eta kirol hau herrira zabaltzea" dute helburu.
MARTXOAK 29, ZAPATUA, EZKURDI PLAZAN
- 10:00 Kadete eta gazte mailak: 2,5 km korrika, 10 km bizikletan eta 1,5 km korrika
- 11:00 Haur-kategoria: 1,9 km korrika, 3 km bizikletan eta 1,9 korrika.
- 11:30 Kimu maila: 1,3 km korrika, 2 km bizikletan eta 650 metro korrika.
- 12:00 Benjaminak: 350 metro korrika, 1 km bizikletan eta 350 metro korrika.
- 12:30 Benjamin aurrekoak: 350 metro korrika, 500 metro bizikletan eta 200 metro korrika.
- 13:00 Lasterketa inklusiboa: 500 metro korrika, 1 km bizikletan eta 250 metro korrika.