Maristen ikastetxe durangarrak bere 120. urteurrena ospatzeko ekitaldi berria egingo du zapatu honetan: lehengo eta oraingo ikasleak batzeko topaketa egingo dute, ikastetxetik igarotako ikasle ohi adinekoenak batuko dituzte bertan. Zentroko iturriek azaldu dutenez, "aitite eta amama adinekoenak topatzeko deialdia egin zuten" duela hilabete batzuk, eta ikerketa horrek iraun bitartean, "hainbat familia" gerturatu dira ikastetxera. Orain, hori guztia ospatzeko, jendaurreko ekitaldi publikoa egingo dute zapatuan, ikasle beteranoen eta gaur egungo ikasleen arteko elkarrizketak plazaratuta.
Ekitaldia Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearen bisitagaz egingo dute. 11:00etatik aurrerako topaketan, hitz hartzeak, gaur egungo ikasleen eta ikaslerik beteranoenen arteko elkarrizketak, sari banaketa, argazki-saioak eta luntxa izango dituzte. Azkenik, gura duenak ikastetxeko instalazioak ezagutzeko aukera izango du.