EITBk abesti feministen finala eskainiko du 'streaming' bidez

Anboto 2025ko mar. 14a, 10:23

Ekitaldia zapatu honetan, martxoak 15, izango da Plateruenean, 19:00etatik aurrera. 

Zapatuan Durangoko abesti feministen lehiaketako finala jokatuko da Plateruena Kultur Aterpean. Artistek aretoko oholtza gainera igota eskainiko dituzte beren sorkuntzak, zuzenean. Honako artista eta talde hauek arituko dira: Biren, Gregoriak, Jon Moma, Loida, Lup taldea, Marga Pocovi i Biel Tous, Naz taldea, Ojos Violeta eta Trouble Woman. Artista guztiek musika eta aldarrikapena batuko dituzte beren eskaintzan.

Sari ugari egongo da jokoan. Batetik, 30 urtetik beherakoen kategorian, 600na euro eskainiko dizkiete abesti solista onenari eta taldeko abesti onenari. Bestetik, 30 urtetik gorakoen kategorian 500na eurogaz sarituko dituzte abesti solista onena eta taldekako abestirik onena. Horiez gainera, publikoaren saria (350 euro) eta euskarazko abesti onenaren saria (350 euro) egongo dira jokoan. Aipamen bereziaren sariak beste 150 euro eskainiko ditu. 

Udalak herritarrak gonbidatu ditu musika jaialdian parte hartzera, Plateruenera bertaratuta zein EITBren bitartez etxetik zuzenean jarraituta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!