Durangoko Udalak jaietako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eguneratuko du

Anboto 2025ko mar. 14a, 09:14

Durangoko Udalak lizitazio-prozesua zabaldu du jaietako indarkeria matxistaren prebentziorako eta jarduerarako protokoloa egiteko. Bertan, puntu morea eta telefono bidezko arreta zerbitzua jasoko dituzte.

Protokolo berria mugimendu feministarekin eta tokiko beste kolektiboekin lankidetzan egingo dutela zehaztu dute. Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak eguneratze horren garrantzia azpimarratu du: "Protokoloa berrituta, erantzun eraginkorrago eta hurbilago bat eman nahi dugu, behar duen edonork informazio eta arreta espezializatua berehala eskuratu ahal izan dezan, bereziki, San Faustoko jai-giroan.”

Bestalde, Durangaldeko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Aurkako II. Jarduera eta Koordinazio Protokoloan jasotako datuen arabera, iaz, 56 indarkeria matxista kasu erregistratu ziren Durangon, 2023an baino 13 gehiago: "Kasuen % 70,9 genero-indarkeria izan zen, % 14 indarkeria sexuala, eta %12,7 familia barruko indarkeria. Horrez gainera, kasuen hamarretik zazpi kasutan, erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia izan zen", azaldu du udalak. Udalak gogorarazi duenez, horrako hori errealitatearen zati bat besterik ez da, "emakume askok erakundeetara jotzen ez dutelako eta erregistroetatik kanpo geratzen direlako". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!