Txistuak ohiko doinuez gainera, modernoagoetara moldatzeko aukera ere baduela erakusteko asmoagaz hasi zen Jaizale elkartea Hiruzulo jaia antolatzen. Zapatuan, hirugarren edizioa izango du jaialdiak, eta, Ache pa ti boskote nafarra izango da ekitaldiko protagonista; taldeak txistua eta ikutu latindarrak dituen jazza uztartzen ditu. "Tradizioa ez da iraganeko kontu bat, gaur egungoa ere bada, eta hain zuzen ere, horretarako sortu genuen Hiruzulo jaialdia, erakusteko, txistua beste musika doinu batzuetan integratzeko gai zela", defendatu du Xabier Etxeita Jaizaleko kideak. 19:00etan izango da kontzertua, San Agustin kulturgunean, doan.
69. Txistularien eguna
Hiruzulo jaialdia, Durangaldeko Txistularien Egunaren bezperetan egingo dute. Hain zuzen ere, Durangaldeko txistulari eta zaleak batuko dituen jaialdia martxoaren 23an, domeka, egingo dute, Zaldibarren; 80 musikari inguru batuko dira bertan. "Belaunaldi desberdinen arteko transmisioa lantzea garrantzitsua da, horretarako, Durangoko Musika Eskolagaz elkarlanean jarduten gara", azaldu du Eleder Iturrieta Jaizaleko kideak.