'Vida' antzezlanak minbiziaren kontrako sentsibilizazioa landu eta funtsak batuko ditu Durangon

Ekaitz Herrera 2025ko mar. 12a, 11:42

La Red Teatro konpainiak Vida antzezlana eskainiko du apirilaren 30ean, San Agustin Kulturgunean. Ekitaldiak 10 euroko sarrera solidarioa izango du. Baturiko diru guztia minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko dute. 

Apirilaren 30ean kultura eta elkartasuna batuko dituen antzezlana taularatuko da Durangon: Vida. Obra La Red Teatro konpainak eskainiko du, Minbiziaren Aurkako Elkartearekin eta Durangoko Udalarekin elkarlanean, eta ekitaldi solidarioa izango da. Izan ere, antzezlana ikusteko 10 euroko sarrera solidarioa ordaindu beharko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, baturiko diru guztia minbiziaren aurkako ikerketara eta gaixoei eta beren senideei laguntzeko zerbitzuetara bideratuko dute.

Antzezlanean bertan ere oso presente egongo da minbizia. "Bikote izandako pertsona bik elkarrekin egingo dute topo berriro ere, eta beren bizipenak, bizitza, gogoratzen hasiko dira. Bizitzako une gazi-gozoak eta momentu gogorrak izango dituzte aipagai. Obra dibertigarria da hasieran, baina istorioak aurrera egin ahala hunkidura nagusituko da ikusleengan", aurreratu du Juanma Canok. Bera da obrako aktoreetako bat; Maite Lorenzo, beste bat. Konpainiako kideek idatzi dute istorioa, eta Mikel Areitioaurtenak zuzendu. Lorenzok azaldu duenez, obra idazten hasi zirenean birikako minbizia diagnostikatu zioten bere aitari: "Obrak komedia zantzuak ditu, baina ibilbide ikaragarri horren berri ere ematen da. Iruditzen zait minbiziaren prozesuko gako guztiak jasotzen dituela. Momentu oso gogorrak daude, baina aldi berean ederrak ere bai", zehaztu du Lorenzok. "Ikusleek barre egingo dute, eta hunkitu egingo dira. Azken finean, oinarrizko-oinarrizkoa plazaratuko dugu: bizitza hizki larriz bizi behar dugula, hain zuzen ere", dio.

Honako hau izango da Vida Durangon taularatuko duten lehenengo aldia. Orain arte, antzezlana Eibarren, Ermuan, Soraluzen, Ourensen (Galizia) eta Torrelavegan (Kantabria) eskaini dute. Sarrerak martxoaren 19an jarriko dituzte salgai.Jesica Ruiz alkateordeak herritarrak deitu ditu obra ikustera joatera: "kultura eta arlo soziala konbinatzen dituen egitasmoa da, arazoekiko hausnarketa eta enpatia lantzeko baliagarria dena, minbiziaren prebentzioa eta ikerketa sustatzeko bezainbeste", azaldu du.

"317.000 kasu berri"

Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek adierazi dutenez, aurreikuspenen arabera,  317.000 minbizi kasu berri atzemango dituzte Espainiako estatuan, 2030ean. Horrek pazienteak eta haien senideak artatzeko "erronka handia" ekarriko duela esan dute. Durangoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 20 boluntario eta 500 bazkide ditu. Aurten, 18 pertsona artatu dituzte dagoeneko. Honako hau da telefono zenbaki orokorra: 900100036.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!