Durangoko EAJk Iñigo Urkullu omenduko du

Anboto 2025ko mar. 11a, 10:07

Ekitaldiagaz, lehendakari ohiaren “konpromisoa, lidergoa eta dedikazioa” aitortuko diote, “bere agintaldietan egindako lanagatik eta herritarren eta militanteen arteko loturak sendotzeagatik”.

Durangoko EAJk Iñigo Urkullu omenduko du, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari modura hiru legealditan egindako lana eskertzeko. Ekitaldia barikuan egingo dute, martxoak 14, Durangoko San Agustin Kulturgunean, 19:00etan. Bertan, politika eta enpresa munduko pertsona ezagun ugari egongo dela iragarri du EAJk, baita lehendakari ohia gertutik ezagutzen duten herritarrak ere.

Ekitaldian Bittor Etxegurenek, Durangoko EAJko presidenteak, eta Mireia Elkoroiribek, Durangoko alkateak, hartuko dute berba. Urkulluk berak ere hitza hartuko du.

EAJk azaldu duenez, ekitaldiak “Iñigo Urkulluren konpromisoa, lidergoa eta dedikazioa aitortzea” izango du helburu, “bere agintaldietan egindako lanagatik eta militanteen arteko loturak sendotzeagatik”. Esker on modura, Durangoko EAJk Kurutziagako Gurutzearen ikurra emango dio Urkulluri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!