Udalak 600.000 euro erabiliko ditu datorren urteko udal aurrekontuan herritarren proposamenak txertatzeko. Zenbateko hori udalerriko sei auzotan banatuko dute, "era ekitatiboan". Hori horrela, auzo bakoitzak 100.000 euro izango ditu. Udalak definitutako zonaldeak honako hauek dira
- San Roke: Aramotz, Alluitz, Askatasun Etorbidea, Errotaritxuena, Larrinagatxu, Santa Luzia eta Momotxo.
- San Fausto
- Landako: Muruetatorre, Ibaizabal, Landako, Matxinestarta, Olleria.
- Madalena: San Inazio, Ermodo, Sasikoa, Mikeldi, Oiz, Frai Juan Zumarraga, Agirre Lehendakaria
- Erdialdea: Alde Zaharra, Ezkurdi, Kurutziaga, Montevideo, Barandiaran, Antso Estegiz, Juan Itziar, Juan Mari Altuna, Astarloa eta Monagotorre.
- Tabira: Eguzkitza, Zumar, Arriluzea, Intxaurrondo, Zubiaurrea, Tabirabide, Gasteiz Bidea eta Artabila.
Azterketa teknikoa
Herritarrek apirilaren 16ra arteko epea izango dute ideiak eta proposamenak udalari helarazteko. Behin horiek jasota, udal teknikariek proposamenak aztertuko dituzte. Maiatzaren hasieran, aukeraketa fasera irtengo duten proiektuak zeintzuk izango diren jakinaraziko du udalak. Baten batek proposamena behar bezala aurkezteko zalantzarik baldin badauka, HAZ zentroan jasoko ditu argibideak.