Durangoko Tabira Igeriketa eta Salbamendu taldeko maskotak joan zen asteburuan egin zuen jendaurreko aurkezpena, Madrilen (Espainia). Espainiako salbamendu txapelketa amaituta, igerilariek hondartzako probetan jarriko dute indarra orain. Durangaldeko 100 bat kide daude igeriketa taldean, eta datorren urtean 40 urte beteko dira kluba sortu zela.
Zelan heldu da Toad klubera?
Gontzal Gago: Klubaren nortasuna sendotzeko helburuagaz sortu dugu maskota berria, igerilariak motibatzeko. Taldearen batasuna indartu zezakeela pentsatu genuen, eta umorea eta giro ona sustatzeko modua izan zitekeela.
Ibai Rodriguez: Ideia polita iruditu zitzaigun txapelketetan alaitasuna emateko.
Zelako harrera izan du klubean?
I.R.: Ilusio itzelagaz hartu dute. Igerilarien artean lehenengoz aurkeztu genuenean, barre mordoa egin genuen. Momentu polita izan zen.
Ibai, zuk sortu duzu, ezta?
I.R.: Bai, baina laguntzaileak izan ditut. Joan zen asteburuko txapelketaren bueltan sortu zen, broma artean. Inauteriak zirela eta, ea maskota bat eramango genuen aipatu nuen. Gonzalo entrenatzaileak eta biok garatu genuen ideia. Toad — ingelesez apoa— da emaitza; Tabira taldeko armarriaren irudia izan dugu oinarri.
Zein zeregin izango du Toad-ek?
G.G.: Klubaren ordezkari eta babesle izango da, parte hartzen dugun txapelketa eta ekitaldietan. Motibazio iturri izango da, gazteenentzat batez ere, eta taldearen balioak zabalduko ditu: laguntasuna, kiroltasuna... Tabira taldearen espiritua irudikatzen du: indarra, iraunkortasuna eta ausardia. Umorea eta giro ona ere bai.
I.R.: Talde giroa sortzeko balio du. Toad-egaz batera denok animatzen ditugu igerilariak, eta une ahaztezinak sortzen dira.
Igerilari nagusiek emango diozue bizia Toad-i, txandaka. Ibai, zuk zabaldu zenuen bidea Madrilen.
I.R.: Bai, eta bizitako esperientzia polita izan zen.
G.G.: Behin bidea hasita, aurrera egitea baino ez dago. Egia esan, ilusio handiagaz hartu dugu taldea animatzeko ardura.
Klubak ez du inoiz maskotarik izan.
I.R.: Ez. Klubaren armarrian apoa agertzen da, Durango sapuherri izan da beti, eta ideia bikaina iruditu zitzaigun maskota sortzeko. Taldeko beste kide bat gehiago izango da Toad.
G.G.: Ahalegindu izan gara klubaren irudia apur bat aldatzen. Aldaketa batzuk egin ditugu ekipamenduan, baina maskota sortzea ez zaigu inoiz ere bururatu, orain arte. Toad-ekiko irrika horri eusten ahaleginduko gara.
Zeintzuk erronka nagusi dituzue?
G.G.: Taldeko igerilarien maila hobetzea da helburua, eta lehiaketetan ahalik eta emaitzarik onenak lortzea. Taldeko giro ona sendotzen jarraitzea eta igeriketaren kultura sustatzea ere erronka garrantzitsuak dira. Horretan lagunduko digu Toad-ek.