Aholkuak hartzetik aholkuak ematera pasatu zen goizetik gauera. Ardurak lepora bota eta taldeko lemazainetariko bat bihurtu zen iaz, debutariz beteriko taldeak gehien behar zuenean. Mailari eutsi zioten. Aurten lasaiago dabil, taldeak gora egin duelako. Jokoan erregulartasuna bilatzea dute helburu.
Taldea boladaka dabil aurten. Lau garaipen segidan orain, eta, hurrengo, lau porrot bata bestearen atzetik. Zergaitik irregulartasun hori?
Belaunaldi aldaketa handi batetik gatoz. Iaz jokalari askok utzi zuten taldea eta gazte asko igo zen lehenengo taldera. Trantsizio batean sartu ginen. Ni neu bat-batean taldeko beteranoenetarikoa bihurtu nintzen. Taldea berriro eraikitzen hasi ginen: hartu-emanak landu, batak bestearen jokatzeko modua ezagutu… Iazko urtea apur bat kaotikoa izan zen. Aurten partidu gehiago irabazten gabiltza, baina, egia esanda, konstantzia falta dugu oraindino. Onenen kontra oso partidu onak jokatzen ditugu eta gure mailakoen edo beheragokoen kontra gehiago kostatzen zaigu. Baina, orokorrean, lana bere fruituak ematen dabil. Entrenatzaileak, pazientzia handiz, lan itzela egiten ari dira taldea aurrera eramateko.
Une honetan sailkapenaren erdian zaudete, zortzigarren. Zein da denboraldia amaitu arteko helburua?
Partiduak irabazten joatea, horixe dugu helburu. Partidurik partidu joango gara. Lehenengo itzuliko garaipenak errepikatu egin gura ditugu bigarrenean, eta galduriko taldeen kontra hobeto lehiatu.
Zelan daramazu 27 urtegaz taldeko jokalaririk beteranoetarikoa izatea?
Hasieran apur bat txokantea izan zen eta kostatu egin zitzaidan. Bat gehiago izatetik bat-batean erantzukizun handiagoa hartzeak bertigo apur bat ematen zidan. Gainera, iaz Gorane Urain, lehenengo kapitaina, lesionatuta egon zen eta ardura hori hartu nuen. Ez nik bakarrik, baina neu nintzen erreferente modukoa. Mailari eustea kolokan izan genuen. Presio handiagoa. Jokatzerakoan, presio hori islatu egiten da sarritan: besteen zereginei begira egoten zara, zeureei begira egon beharrean. Hainbeste gauza duzu buruan… Baina, tira, azkenean denon artean egin genion aurre egoerari: jokalariak, entrenatzaileak…
Aurten bueltan da Gorane.
Bai, eta apur bat lasaiago nabil. Ez Gorane bakarrik. Ikasketak amaituta, Leire Intxausti bueltatu egin da taldera. Orain aste bi jokatu zuen lehenengoz. Horrek ere konfiantza ematen dit. Urte asko daramatzagu elkarregaz, eta ondo hartzen dugu elkar.
Zure postua hegalekoa da. Jokoari intentsitate handia ematen dion jokalaria zara eta aipatu dugu talde barruan duzun pisua. Zer gaitasun gehiago duzu kantxa barruan?
Jokalari azkarra naiz eta jokoari bizitasuna ematen ahalegintzen naiz. Mugimenduak oso arin egiten ditut. "Saskira jaurtiketa egiten duzunerako errebote bila zabiltza", esaten dit lagun batek brometan. Eta, bai, jokalari intentsoa naizela esango nuke. Intentsitatez defendatzea gustatzen zait.
Zein da Tabirako Baquegaz jokatu duzun partidurik bereziena?
Ez dakit, ba, partidu asko direlako. Bat aukeratzekotan, beharbada, azkenengo Lauko Finaleko partiduren bat esango nuke, emozionantea izan zelako, baina galdu egin genuen azkenean…
Baina bizitako giroa hor geratuko da: Landako Kirolegia lepo, zaleak sutsu…
Ez pentsa, hainbeste jende egoteak tentsioa eragiten dit. Kanpoko giroak ez eragiteko, zeure lanean ondo zentratuta egoten asmatu behar duzu. Horrek jende asko motibatu egiten du, baina ez da nire kasua. Sortzen den giroa oso polita den arren, gainpresio modukoa sentitzen dut nik.
Izan duzu idolo erreferenterik saskibaloi munduan?
Emakumeen liga nagusia ikusi izan dut eta Queralt Casas asko gustatzen zait. Eskolta posizioan jokatzen du, Valencia Basket klubean. Gauza batzuetan antzeko jokoa dugula ikusten dut.
Oraindino urte askorako dugu Miren saskibaloian?
Ez dakit. Une honetan ez nuke jakingo erantzuten. Ea fisikoki eta mentalki zelan amaitzen dudan denboraldia. Belaunean ebakuntza bat egin behar didate. Aurretik beste ebakuntza bat ere badut. Gero, saskibaloiak konpromiso handia eskatzen du jokalari moduan: entrenamenduak, asteburuetan partiduak… Denboraldirik denboraldi noa eta unea heltzen denean hartuko dut erabakia.