Laia Cariñanos 18 urtez azpiko Espainiako txapeldun, 1.500 metrotan

Anboto 2025ko mar. 6a, 11:19

Bere adinean eta iraupen-erdiko lasterketetan ez duela parekorik erakutsi du beste behin Bidezabal klubeko atletak.

Joan zen asteburuan 18 urtez azpiko Espainiako atletismo txapelketa —pista estalian— lehiatu zuten Valentzian. Bertan, Bidezabal klubeko Laia Cariñanos Estalella Espainiako txapeldun geratu zen 1.500 metrotan. Finalerdian nahiz finalean goitik behera agindu zuen. Uneoro lasterketa buruan joan zen eta komeni zitzaionean lasterketa hautsi zuen. "Dudarik gabe iraupen-erdiko atletarik onena da bere adinean", adierazi dute Bidezabal klubetik ohar batean.

Noa Sevilla durangarrak eta Ixone Sanchez abadiñarrak ezin izan zuten finalerako sailkatu 400 eta 800 metrotan, hurrenez hurren.

Urrezko domina bi gehiago

Asteburuko beste hitzordu batean, jaurtiketa luzeen Espainiako txapelketan, Paula Redondo Blanco txapeldun geratu zen xabalina jaurtiketan eta 23 urtez azpiko mailan. "Negu honetan gora egin du eta gaur egun xabalina jaurtitzaile onenen artean dago", diote Bidezabaletik.

Azkenik, Master mailako Espainiako txapelketan, urrezko domina irabazi zuen Cristina Teixeira Garciak pisu jaurtiketan. "F45 kategorian historiako pisu jaurtitzailerik onena da estatu mailan. Gaur egun, berea da errekorra", diote Bidezabaletik.

Cristina Teixeira erdian, podiumeko koska gorenean.

Paula Redondo erdian, urrezko dominarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!