Berbarok edozein umeren eta gaztetxoren udako aisialdia asetzeko moduko eskaintza prestatu du aurten ere. Hiru zatitan banatu dute uda honetako proposamena: Udan Olgetan programa Durangon bertan garatuko dute; Utzin eta Mendigorrian egonaldi finkoak egingo dituzte (Nafarroa). Azkenik, udaleku ibiltariak egingo dituzte Oiartzunetik Elgoibarrera (Gipuzkoa) eta Zumarragatik Lekunberrira (Gipuzkoatik Nafarroara). Hiru aukera horietan izena emateko epea zabalik dago jada, eta martxoaren 6ra arte egongo da inskripzioak egiteko aukera. Horretarako, Berbaro elkartearen web atarira jo behar da. Interesdunek bertan topatuko dute plangintzei buruzko informazio osoa, baita zozketei eta prezioei buruzko argibideak ere.
Udan Olgetan: egonaldiak 2020 eta 2015 urteen artean jaiotakoentzat izango dira, eta 09:00 – 13:30 artean eskainiko dituzte. Horrez gainera, astean behin, egun osoko irteera egingo dute 16:00ak arte.15 eguneko bi txanda izango ditu programak: lehena, ekainaren 23tik uztailaren 4ra; bigarrena, uztailaren 7etik 18ra. Bi txanda horiez gainera, iaz egin bezala, Jarraitu Olgetan programa antolatuko dute, uztailaren 21etik 24ra. Jantokian bazkaltzeko aukera egongo da, Ibaizabal ikastolan.
Udaleku finkoak: bi izango dira. Alde batetik, ekainaren 27tik uztailaren 6ra Uitzin egingo dute egonaldia, LH3 eta LH4 mailetan dauden umeentzat. Beste alde batetik, Mendigorrian ere egingo dute egonaldia, uztailaren 9tik 20ra, LH5 eta LH6ko gaztetxoentzat. Elkartetik azaldu dutenez, Berbaroko udalekuak Uitzira bueltatuko dira urte askoren ondoren.
Udaleku ibiltariak: adin tarteka banatuta, bi udaleku ibiltari egongo dituzte: txikia, Oiartzundik Elgoibarrera arteko bidea egingo duena, ekainaren 28tik uztailaren 9ra bitartean, DBH1 eta DBH2 mailakoentzat. Bestetik, ibiltari handia egongo da, Zumarragatik Lekunberrira egingo dena uztailaren 11tik 22ra artean. Azken hau DBH3, DBH4 eta Batxilergoko lehen mailakoei zuzenduta dago.