Martxoak 8

"Gozatze sexualari tarterik egiten ez badiogu, ardura ez digulako da"

Aritz Maldonado 2025ko mar. 4a, 08:35

Desioa ulertzeko, aukera polita egongo da martxoaren 7an, 18:30ean, Durangoko Bizenta mogel bibliotekan; Laura Morán psikologoak berbaldia emango du.

Desira ulertzea bizitza sexual osasuntsu eta betea izateko lehenengo urratsa dela diote. Izan ere, sexu-grinean emozioek, hartu-emanek edo prozesu biologikoek ere eragiten dute. Desiran sakondu eta bere jatorri eta ezaugarriak ezagutzeko, Laura Morán psikologoak berbaldia emango du Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan. Sexuaren inguruan dagoen hainbat mito faltsu ere gezurtatuko du. Moranek hainbat irrati eta telebista saiotan kolaboratu izan du, eta ¿Por qué no deseo? liburua kaleratu du.

Zelan sortzen da desira?
Desira batuketaren eta kenketaren emaitza da, aktibatzen duten faktoreak daude, eta frenatzen dutenak; adibidez, estresa, heziketa sexual eskas bat edo gaixotasun fisikoren bat.

Estresa aipatu duzu. Egungo bizitza erritmoak eragina du?
Bizi erritmo ez oso osasuntsuak ditugu gaur egun, eta ohikoa da egunaren amaierara itxarotea sexu hartu-emanak izateko; hau da, lehertuta gaudenera arte itxaroten dugu. Sarri galdetzen da bikote terapian zergaitik suposatzen duten hartu-eman sexualek esfortzu bat. Hor agertzen da erantzunetariko bat, batez ere, emakumezkoen artean: elkartze sexualetan pozik ez amaitzea, ez asetzea. Orokorrean, koitoan oinarritzen diren hartu-emanak ditugu, koitozentristak, eta, emakumeen kasuan, sarketa ez da orgasmora heltzeko teknikarik gomendagarriena; hortik sexurako gogo falta, izan ere, asumitzen dute ez direla orgasmora ailegatuko. Eta, bitxia bada ere, horri buruz oso gutxi berba egiten da bikote hartu-emanetan. Gauza askori buruz berba egiten duten bikote asko dago, baina sexuari buruz ere berba egiten dutenak ez hainbeste.

Bikote gazteekin ala helduagoekin igarri duzu hori?
Bikote gazteagoek berba gehiago egiten dutela igarri dut, baina okerreko uste asko dago eta, sexuari buruz berba egiten duten arren, txarto egiten dute. Batez ere, bikote heteroei buruz nabil, desira faltarik ohikoena haiengan izaten delako. Ez beti, dena dela. Pentsakera batek dio, eta bikote horiek normaltzat hartzen dute, emakumeek ez dutela sexurik behar. Eta okerreko ustea da, hain zuzen ere, gizonezkoek sexua behar dutela. Benetan behar, inork ere ez du behar. Nahitaezkoa dugun bakarra jatea, lo egitea eta ura edatea da. Bizi daiteke sexurik barik, bizitza aspergarriagoa izango den arren; eta bizi daiteke bonboirik barik, Playstationik barik edo bidaiatu barik, baina denok gura dugu plazertxoren bat izan. Beraz, egon daitezke oso bikote simetrikoak, batere matxistak, eta etxeko lanekin super berdinzaleak direnak, baina sexuaz berba egiterakoan, 'nik behar dut baina zuk ez didazu ematen' diotenak. Eta hor horizontaltasun hori apurtzen da. Emakumezkoak errudun edo haserre sentitzen dira, ez dutelako ulertzen zergaitik eman behar duten gogorik ez badute, eta gizonezkoek frustrazioa sentitzen dute eta euren buruari galdetzen diote: 'Maite banau, zergaitik ez du gura nigaz larrua jo?'. Sineskeria horiek maitasun erromantikoaren ondorio dira eta azalpen instintibo horiek bikoteen bizitza sexuala izorratzen dute. Beste sineskeria bat desira ez heltzea da. Jende asko etortzen zait esanez jada ez dela 'lehengoaren modukoa'. Horri buruzko oso ideia estereotipatua dugu, uste dugu desira etorri egin behar zaigula, baina elikatu eta piztu egin behar da. Baina hori ere ez digute kontatu.

Zelan zaintzen da desira?
Desira ere landu egiten da. Lehenengo eta behin, zure bizitzarako garrantzitsua den ala ez begiratu behar duzu. Kirola egitearen, elikadura osasuntsua eramatearen edo bizitza sozialari garrantzia ematearen modukoa da; desira entrenatu egin behar da. Askotan, sexua praktikatzeaz berba egitean, uste da hartu-eman horiek konpartituak izan behar dutela, baina masturbatu, adibidez, bakarrik ere egin daiteke. Horretarako, praktika hori, plazer hori, zuretzat garrantzitsua dela uste behar duzu. Jende askok, emakumeek batez ere, uste dute ez dela garrantzitsua. Sexu heziketa bereizgarria gakoa izan da arlo honetan. Mutilei, zelanbait, gizarteak masturbatzea baimentzen die, edo pornoa ikustea... Normaltzat hartzen dugu, baina emakumeekin ez dugu berdin egiten. Joan den astean ikastaro bat eman nuen eskola batean, eta mutilek harro zioten kanpaia jotzen dutela, denek, baina neska batek ere ez zuen ezer esan. Eta hori ez da horrela. Neskak ere masturbatzen dira, baina ez dute ezer esaten. Ez dute baimen sozial hori. Eta, jakina, zu masturbatzen ez bazara, zure gorputza ezagutzen ez baduzu, zelan esango diozu kideari zer duzun gustuko? Beraz, zuretzat ea garrantzitsua den ikusi behar duzu, ezagutu behar duzu eta zeure burua ezagutu behar duzu, jakiteko zer gura duzun, zerk berotzen zaituen. Bigarrenik, unea eta lekua aukeratu behar dituzu. Garrantzitsuak diren gauzentzat beti topatzen dugu astia eta tokia. Honegaz, berdin. Gozatze sexualari tarterik egiten ez badiogu, ardura ez digulako da. Edo egunaren amaierarako uzten dugulako. Jende batek txarto darama hau. Uste dute ez dela landu behar, baina zergaitik ez diogu emango beste ekintza batzuei ematen diegun garrantzi bera biluztu eta besarkaturik egoteari? Azkenik, bestelako oztoporik dagoen ikusi beharko litzateke; hau da, erekzio arazoak, haserrealdiak, mina sarketan... Desira oso konplexua da.

Prozesu biologikoek zelan eragiten dute desiran? 
Adinak ez du zertan eragin desiran, eta eragiten badu, ideia estereotipatuak ditugulako da; gainera, batez ere menopausiagaz lotzen dugu hori, eta ez hainbeste pitopausiagaz. Normaltzat jotzen dugu gizonezko batzuk adinagaz erakargarriagoak izatea, baina emakumeekin ez da horrela izaten. Sexua ugalketagaz lotzearen ondorioz dator hori. Denbora askoan horrela ikusi da, baina, zorionez, hori aldatzen dabil eta sexua helburu sozialekin ere edukitzen dela normalizatuago dago orain; hau da, ez duela soilik ugaltzeko funtzioa. Bestalde, sexua sarketagaz lotzen da, gaztetasunagaz, edo indarragaz, eta uste da erreproduzitzeko adinean ez gaudenean sexurik ez dela egongo. Eta hori ideia okerra da. Psikologian psikologia autokunplitua legez ezagutzen dena gertatzen da; hau da, gure jarrera horretara bideratzen dugu. Baina adinagaz moldatu egiten gara gorputzaren aldaketetara. Gorputzak ugaltze sistema zaintzeari utziko dio adinagaz, baina sexu organoez gozatzen jarraitu daiteke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!