Durangaldeko artisten erakusketa kolektiboagaz emango diote hasiera Ezkurdiko denboraldi berriari

Anboto 2025ko ots. 28a, 13:34

Durangaldeko Artisten Elkarteak erakusketagaz ekingo dio denboraldi berriari Ezkurdi aretoak. 12 gizon eta 9 emakumeren 47 lan ikusi ahalko dira. Aretoaren argiztapena, soinua eta azpiegitura hobetu ditu Durangoko Udalak, 12.500 euro baino gehiagoko inbertsioa eginez.

Hamazazpi ekitaldi programatu dituzte Ezkurdi Aretoaren denboraldi berrirako. Lehena, gaur ateak irekiko dituen Durangaldeko Artisten Elkarteko kideen erakusketa izango da. Naiara Morales, Martín de Diego Sadabal, Rosa Mª Sánchez eta Rai Bikandiren lanak ikusi ahalko dira datozen hilabeteetan. Bestalde, urrian Margolaritza lehiaketaren XXV. edizioa egingo dute, eta azaroan Durangaldeko Gazteentzako IX. Arte lehiaketa. 

Durangoko Udalak, bestalde, lanak egin ditu Ezkurdi aretoa hobetzeko. Besteak beste, LED argiztapen-sistema berria instalatu dute, argiztapen larrialdien sistema ezarri dute, eta argiztapen kontrol sistema hobetu dute. Gainera, sabaiak margotu dituzte eta bozgorailu berriak instalatu dituzte. Hobekuntza lanetarako, udalak 12.695, 70 euroko (+ BEZ) inbertsioa egin du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!