Etxebizitzaren auzia eztabaidatuko dute Durangon, EH Bilduren eskariz

Anboto 2025ko ots. 26a, 10:26

Koalizio subiranistak etxebizitza larrialdiaz eztabaidatzera deitu du Lurralde Batzordea. "Durangon gero eta zailagoa da etxebizitza eskuratzea, eta udal gobernuak ez ditu bete arlo horretan hartutako konpromisoak", esan dute.

Durangoko EH Bilduk ezohiko Lurralde Batzordean batzera deitu ditu udalbatzako kideak, "etxebizitza larrialdia" lantzeko helburuz. Horretarako eskaria erregistratu dute Herritarrentzako Arreta Zentroan. Koalizio subiranistak honako asmo hau dauka: ordezkari politikoak Lurralde Batzordean batzea lehenik, eta bilkura horretan etxebizitza larrialdiari aurre egiteko lan-talde bat eratzea gero. Edozelan ere, lantalde horrek baldintza bat bete beharko du aurrera egin ahal izateko. Batzordearen gehiengoa ados egon beharko da lantalde hori eratzearekin.

Koalizioak beharrezkotzat jo du gaia lantzea, legegintzaldia hasi zenetik udal gobernuak arazoari heltzeko neurri eraginkorrik hartu ez duela iritzita: "Alkateak azaroan lan-talde bat sortuko zuela iragarri zuen. Lau hilabete igaro dira, eta oraindik ez da promesa hori gauzatu", azaldu du koalizioak.

Lantalde hori eratuko balitz, EH Bilduk hiru helburu nagusi eramango ditu bertara: herriko etxebizitzaren problematikaren diagnostikoa egitea, konponbiderako neurriak aztertzea eta neurri zehatzak adostea. Lantalde hori alderdi politiko guztiek eta arlo horretan ekarpenak egin ditzaketen tokiko elkarteek osatuko luketela.

1.412 alokairu eskari Etxebiden

EH Bilduk emandako datuen arabera, gaur egun 1.412 pertsona daude Etxebiden izena emanda Durangon alokairua eskuratzeko, baina alokairuko etxebizitzen eskaintza "hutsaren hurrengoa" dela dio koalizioak. Gaineratu dutenez, Durango da azken hiruhilekoan salmenta-prezioen hazkunde handiena izan duen udalerria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, udalerrian 1.405 etxebizitza hutsik daudela esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!