"Lautik batek buruko nahasmenduren bat izango du bizitzan"

Anboto 2025ko ots. 24a, 08:27

Iratxe Etxebarria.

Iratxe Etxebarria (Dima, 1979) urte askoan aritu da kazetari, gaixotu
zen arte; komunikatzen jarraitzen du orain, berbaldiak eta tailerrak eginda, besteak beste; hitzaldia emango du Hitz liburu dendan, otsailaren 27an, 19:00etan

Laneko estres maila handiaren eraginez gaixotu zen Iratxe Etxebarria. Orduko bizipenak oinarri hartuta, liburua idatzi du. Buruko gaitzei buruz geroago eta berba gehiago egiten den arren, ikuspegi positiboago batetik berba egin behar dela dio. Hala egin gura izan du berak 7.300 miligramo eszitalopram liburuan.

Gogotsu aurkezpenerako?
Beste aurkezpen batzuk egin ditut, eta politak izan dira, baina hau berezia izango dela uste dut. Durangoko Azokan ere egon nintzen, eta sekulako harrera izan nuen; beraz, badut zor moduko bat ere Durangaldeagaz. Aparte, Hitz liburu dendako Gaizkak ere oso harrera ona egin zion liburuari eta ilusioagaz nago. 

Liburuak oihartzun handia du.
Durangoko Azokan autoekoizleen mahaian egon nintzen, eta asko saldu nuen. Oihartzun handia izan du, batez ere, asko garelako bizitzako momenturen batean buruko gaixotasunen bat izan dugunok; gutxitan berba egiten da honetaz jendaurrean, eta, beraz, orain sano dagoen pertsona bat ikustea 'ni ere gaixotu nintzen' esaten, esperantzatik bideratutako mezua da. Geroago eta berba gehiago egiten da buruko gaixotasunei buruz, baina beti ere alde negatibotik. Nik kontatu gura dudana da gaixotu egin nintzela, baina osatu ere egin naizela. Eta osatu naiz nire osasunaren ardura hartu dudalako. Horretarako, gauzak alde izan ditut, hori ere esan behar dut, baina mezu baikor hori zabaltzea erakargarria dela uste dut. Buruko gaixotasunetatik ere osatu daiteke, baina ardura hartu behar dugu, ezin dugu utzi medikuen pilulen esku bakarrik. 

Adituek esaten dute denok izaten dugula horrelakoren bat bizitzan, gutxienez behin. Eta Munduko Osasun Erakundearen (MOE) esanetan, lautik batek bizitzako momenturen batean horrelako nahasmendu bat izango du. Beraz, gizartean oso presente dagoen kontu bat da, baina ez da horri buruz berba egiten. Gainera, liburua bera ondo zainduta dagoela esango nuke, ilustrazio txukunekin ere. Horrek ere erakargarri egiten du. 

Zenbat dira 7.300 miligramo eszitalopram?
Asko. Eta beti da gehiegi. Botikak hartzen egotea erosoa da. Nik beti diot nire gaixotasuna negu ilun, hotz eta luze bat izan zela; eta botikak beroki bat dira negu horretan. Botikak hartzen jarraitzen duzu funtzionala zarelako horrela. Baina beste kontu batzuk ere egin behar dituzu zure aldetik. Gainera, ez dira 7.300 miligramo nik hartu nituenak, hori baino gehiago izan ziren. Kopuru hori da nik negu hori zeharkatu guran hartu nituen botikak, ikusi arte udaberria hor dagoela. Hau da, dosi hori hartu nuen, psikiatrak dosia jaisten hasteko agindu arte. Ez nuen botikarik hartu gura, baina psikiatrak hauxe esan zidan: 'Hemen su bat dago eta hori amatatu egin behar da, eta, horretarako, botikak hartu behar dira'. Beraz, profesionalak agindu zidana bete nuen, baina, gero, nire aldetik ere ipini nuen. 

Garrantzitsua da profesionalen babesa izatea. Ni, zorionez, psikiatra batek tratatu nau; beste kasu batzuetan mediku generalistek hartzen dituzte gaixoak. Eta, horrez gainera, psikoterapia egiteko aukera ere izan dut. Psikologoaz batera negu ilun hori zeharkatzeko marrazten duzun mapa da psikoterapia. Hala deskribatzen dut nik, baina gero norberak ibili behar du bidean zehar. Horretarako, I+I+I formula erabili dut: irakurri, burua enfokatzeko; idatzi, nire emozio eta sentipenak ulertu eta azaltzeko; eta azkenik, asko ibili. Bizitzan hainbat dieta egin dut pisua galtzeko. Ibiltzeak eta kirola egiteak onura garrantzitsuak dakarzkio burmuinari, eta buruko osasunerako formula magiko bat direla esango nuke. Nik igarri dut. Ibiltzen hasi nintzenean, barruan nituen korapiloak askatzen hasi zirela konturatu nintzen. Niri burua ordenatzeko balio dit. Egia esan, beti ez duzu adorerik gauza horiek egiteko, baina, ahal denean, egin egin behar da buruko osasunerako eta osatze prozesurako. Norbera bere osasunaren arduradun egin behar da, ezin da botikekin bakarrik osatu.

Laneko estresagaitik gaixotu zinen. Liburua idazteak ere bere lana dakar. Bateragarriak izan dira?
Niretzat ez da lan bat izan. Idazten hasi nintzen, baina ez liburu bat argitaratzeko, gertatzen zitzaidana nik neuk ulertzeko baino. Buruko gaixotasun bat duzunean, gatx da zer gertatzen zaizun azaltzea. Horregaitik hasi nintzen idazten. Horregaz batera, asko irakurtzen hasi nintzen, eleberriak-eta hasieran, baina gero neurozientzia liburuak irakurtzen hasi nintzen, nire gaixotasunaren jatorria ulertu guran. Eta gero hori kontatu egin gura nuen. Eta gerokoa, publikatzea, ez da beharrizan bat izan; liburua bera terapia barruko kontu bat izan da lana baino gehiago.

June Baonza durangarrak ere parte hartu du.
Aspalditik ezagutzen dut June. Liburu gordina dela esango nuke, nahiko biluzten naiz bertan, eta mimo handiz egin gura nuen. Nire berbak polit ilustratzeko eskatu nion Juneri. Oso prozesu organikoa izan da. Landakon elkartu, eta han berba egiten genuen argi-ilunei buruz. Junek oso erraz ulertu du nire burutik pasatu dena, eta oso ondo marraztu du gero.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!