Agintari politikoek Gernikako Arbolak euskaldunentzat daukan sinbolismoa azpimarratu dute. Mireia Elkoroiribe alkatearen esanetan, kimua Durangon jartzeak, udalerriak "Euskal Herriarekin, historiarekin, nortasunarekin eta balioekin duen konpromisoa" adierazten du, "inoiz baino gehiago". Gainera, kimua Muruetatorre dorretxearen parean jarri dute, Udal Euskaltegiko belardian. Alkateak dioenez, "leku ezin hobea da Gernikako Arbolaren oinordekoa hartzeko".
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ana Otadui presidenteak gogoratu duenez, haritz zaharra historiaren "lekuko isila" da, eta zoritxarreko garaietan "batuta, sendo, egotearen garrantzia gogorarazten du". Alde horretatik, Otaduik 1937ko martxoaren 31 gogoratu du. Durangoko eta Elorrioko bonbardaketen eguna: "Uste dugu landaketa honek esanahi berezia daukala. Data hori datorkigu gogora. Baina, Gernikak legez, Durangok ere jaikitzen eta euskal kulturaren erreferente handi bihurtzen jakin du”, esan du presidenteak. Zuhaitz landatu berria “mimoz eta maitasunez” zaintzea eskatu die durangarrei, “gure bake eta askatasunaren sinbolo unibersalena” irudikatzen dauelako.
Dozena bat kimu Durangaldean:
Honako hau ez da Durangon Gernikako Arbolaren kimu bat landatzen duten lehenengo aldia; laugarrena da. Bizkaiko Batzar Nagusiek jakinarazi dutenez, Durangaldean haritzaren hamabi kimu daude momentu honetan:
Abadiñon:
- Urkiolako santutegiaren ondoan (2000)
- Gerediagako foru zelaian
Berriz:
- Udaletxeko lorategietan (2012)
Durangon:
- Tabirako elizaren ondoan (1998-1999)
- Gernikako Arbola plazan (2004)
- Larrasoloetan, Gerediaga elkartearen egoitza ondoan (2007)
- Muruetatorre dorretxearen ondoan (2025)
Elorrion:
- Lariz etxearen parean (1996)
Mañarian:
- Udaletxearen ondoan (1988)
Zornotzan:
- Gernika plazan (1991)
- Andra Mari ikastolako patioan (2017)
- Larrean (2017)