Jakina da Karrika antzerki taldeak pasioz lan egiten duela. 1998an sortu zenetik, horrela lan egin du, eta horrela bizi izan dituzte antzezlanak San Agustin kulturgunean zein kalean ikusi dituzten antzerkizaleek, eta baita kalean paseoan zihoazela hankapaloak eta suzko dragoiak ikusi dituzten herritarrek ere. Pasioz eta mimoz. Hain zuzen ere, mimo guztiagaz dabiltza kozinatzen Hurrengo geltokia, euren opera magna berria. "Azken urteetan gauza asko egin dugu, baina uste dugu garaia dela gure obra propio bat taularatzeko, benetako obra bat, kakotx artean", azaldu du Maite Lopez Karrikako kideak. Barruko kezka eta desirak plazaratzeko asmoz, zaleei work in progress bat erakutsiko diete zapatuan, hilak 22, San Agustin kulturgunean. "2022 inguruan iruditzen zitzaidan denbora asko ematen nuela itxaroten, eta hori eragozpena zela beste gauza batzuk egiteko. Ideia horretatik ekinda, zeozer kontatu gura genuen, eta horixe plazaratu gura dugu. Azken hiru urteetan ez gara geratu: Gaba Baltza, irakurketa dramatizatuak, Durangoko Azokako Ikasle egunean parte hartu dugu... baina uste dugu badela garaia gure zaleei zeozer berria erakusteko", jarraitu du. "Gainera, beti dago gogoa zeozer erakusteko, ofizialki zeozer egiten gabiltzala erakusteko", gehitu du Gorka Madrazo aktoreak.
Urteetan, Durangaldeko antzerkigintzaren harrobietariko bat izan da Karrika, eta dozenaka lagun igaro dira bertatik. Hurrengo geltokia lanean, Maite Lopez, Naiara Lopez, Gorka Madrazo, Garazi Magunagoitia, Maialen Magunagoitia eta Julen Bordes aktoreek parte hartu dute. Bordesen kasuan, San Agustinen obra luze bat estreinatuko duen lehenengo aldia izango da. "2022ko otsailean sartu nintzen Karrikan. Esan dugun moduan, hiru urte hauetan lan dezente egin dugu, lan desberdinak, baina, egia esan, denboratxoa daramagu entzuten ia noiz egin behar dugun zeozer; beraz, jendea gu ikusteko gogoz dago", azaldu du, barre artean, Bordesek.
Bigarrena, Urrutiagaz
Karrikan lanean legez, Hurrengo geltokia obran ere lantaldeak Patricia Urrutiaren gidaritzapean behar egin du. "Ikasturte amaieretan, Arrazolan bazkaria egiten dugu urtero. Lehenengoz etorri eta gero, Patriciak hauxe esan zuen barre artean: 'Ez nauzue hemendik botako', aipatu du Bordesek. Hain zuzen ere, Karrikaren sortzailea izandako Jose Martin Urrutia Txotxe hil eta gero jarri ziren hartu-emanetan Karrikako kideak beragaz. "Sasoi hori oso heavya izan zen. Deshakespearizazioa egitetik gentozen, Txotxe hil zen, eta gure burua geuk zuzentzeko ahalegina egin genuen. Ez zuen funtzionatu. Patriciari deitu genion eta eskema guztiak apurtu zizkigun. Lan egiteko beste modu bat ekarri zuen, eta beste estilo bat", azaldu du Lopezek. "Gogoratzen dut Karrikan estreinatu aurretik beldur ginela ea Karrika zen ala ez, jendeak ulertuko zuen ala ez... Aldaketa ondo hartu zela ikusita, gozatua hartu genuen", gehitu du Maialen Magunagoitiak. Azken urteotan ikasitakoa nabarmendu gura izan du Madrazok: "Patrigaz mordoa ikasi dugu, ez bakarrik testu bat zelan irakurri; baita oholtzan zelan egon, edo lana zelan defendatu gure arimagaz. Eta, aldi berean, oso ondo pasatu dugu". Hortaz, Karrikako kideak pozik daude estilo aldaketagaz ere, lan berriek ere esentzia mantentzen dutela argudiatuta.