Durangoko Mireia Elkoroiribe alkatea eta Paule Sanchez kultura zinegotzia BEC Bilbao Exhibition Centerreko Xabier Basañez zuzendariarekin batu dira gaur, Landako Gunearen etorkizunaz berba egiteko. Udal iturriek azaldu dutenez, alde biek lankidetza hasi dute azpiegitura durangarra "Euskadiko kongresu eta azoken sarean integratzeko" asmoz. "Lankidetza horren bidez, baliabide eta aukera berriak eman nahi zaizkio Landako Guneari, eta gero eta gune erakargarriagoa bihurtu nahi da industria-enpresentzat, tokiko elkarteentzat eta ekitaldien antolatzaileentzat, sektoreko azoketarako, biltzarretarako eta eragin handiko jardueretarako erabil dadin", azaldu du Durangoko Udalak
Era berean, Landako Guneak "euskarazko kulturaren egoitza gisa duen posizionamendua indartzea" gura du udalak, "Durangoko Azokatik harago". Kultur egitasmo berriak sortu eta erakarri gura dituzte horretarako, "programazioa dibertsifikatuta" eskaini, yrte osoan zehar kultur jarduerak egon daitezen.
Landako Guneak 49 ekitaldi hartu zituen iaz, 2023an baino %12 gehiago (42 izan ziren ordu hartan). Hazkunde horrek Landako Guneak "geroago eta interes handiagoa" pizten duela erakusten du, udalaren berbetan.