Otsailaren 21etik 23ra arte Dendak Bai Fest jaialdia egingo da Landako Gunean. Saltokien atalean, haurren eta helduen moda, kirol-arropa, lentzeria, lurrin-denda, ile-apaindegia, liburu-denda eta publizitate zerbitzuak egingo dira. Bestalde, gune gastroan, gildak, tortillak, gozokiak eta kafea eskainiko dituzte.
Azokari behar bezalako gatza eta piperra eskaintzeko, askotariko ekitaldiak programatu dituzte: barikuan, otsailak 21, Akustikovers bikoteak emanaldia eskainiko du. Horrez gainera, zapatuan, beste hainbat hitzordu interesgarriz gozatu ahalko dute bisitariek; 11:00etan umeentzako sukaldaritza tailerra egingo dute Gozatu gozotegiaren eskutik; 12:30ean, Kids & Us akademiako kideek ipuin kontaketa egingo dute ingelesez; 17:00etan, Sancho Tena lurrin-dendak usaimen-bingo dibertigarria eskainiko du: Azkenik, DJ MiniAnn durangarrak girotuko du azoka.
Aipaturikoez gainera, Dendak Baik eta udalak jolas libreko gunea erabilgarri egongo dela gogoratu dute.
Zozketa potoloak
Otsailaren 23ra arte Dendak Baira atxikitako establezimenduetan erosketak egiten dituztenek 100 euroko 5 Durango Oparitu txartelen zozketan parte hartu ahal izango dute.
Dendak Bai Fest egitasmoa Dendak Baik antolatu du, Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.
ORDUTEGIAK:
Dendak Bai Fest ordutegi hauetan egongo da zabalik:
- Otsailak 21, barikua: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
- Otsailak 22, zapatua: 10:00etatik 21:00etara.
- Otsailak 23, domeka: 11:00etatik 14:00etara.