Osakidetzak eta Biobizkaia, Bioaraba eta Biogipuzkoa ikerketa institutuek proiektu berritzaile bat abiatuko dute Durangon, linfomak dituzten eta kimioterapia tratamendua jasotzen duten pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko helburuz. Proiektuak EDONOLA izena du, eta gaixo horiengan ariketa fisikoa egiteak dakarren onura izango du ikergai. Izan ere, "ariketa fisikoa egiteak minbizian duen eragina dezente ikertu da, adibidez, kolonari eta bularreko minbiziari lotutako kasuetan. Alabaina, linfomei dagokienez, ez daukagu ebidentzia askorik", azaldu du Izaskun Zeberio ikerlariak. Adituek hortxe egin gura dute azpimarra, hain zuzen ere. Kimioterapia tratamenduak galera fisikoa dakarrela-eta, ariketa fisikoa egitea lagungarri izan daitekeela frogatu gura dute. Alabaina, "adierazle zientifikoak, zehatzak" behar dituzte horretarako: "Frogatuta dago kirola egiten duten pazienteek galera fisiko txikiagoa izaten dutela, baina ondorio hori subjektiboa izan da orain arte. Ikerketarekin neurri zehatzagoa lortu gura dugu", gaineratu du Zeberiok.
Hori dela eta, kirol-saio gidatuak eskainiko dizkiete linfomadun pazienteei, Durangoko kirol instalazioetan. Jarraipen hori kimioterapia hartu baino lehenagoko, tratamendua hartu bitarteko eta saiook bukatu osteko egoeretan egingo dute. Mireia Elkoroiribe alkateak azaldu duenez, paziente horiek gela eta ordutegi zehatzak izango dituzte udalerriko kirol instalazioetan. Gainera, gaixoek inmunitate sistema ahuldua izaten dutenez, talde txikietan, gela espezifiko batean zein era indibidualizatuan jasoko dituzte kirol saioak. Osasun Sailak eta udalak hitzarmena sinatu dute horretarako.
Adierazle zehatzen bila
Sara Maldonado ikerlariak hogei urte baino gehiago daramatza pazienteekin kirol jarduera sustatzen, eta berebizikotzat jo du ikerketa: "indar ariketak eta ariketa aerobikoak landuko ditugu, onurak igarri baititugu bi horiek konbinatuta, eta jarduera bakoitzaren intentsitatea modulatuta", azaldu du. "Gainbegiratutako ariketak izaten dira, profesional batek gidatuak, ikerketari ikuspegi kualitatiboa eta kuantitatiboa, biak, eskaintzen dietenak", dio. Bestalde, Garazi Letamendia ikerlariak zehaztu du Durangoko ikerketa-lagina Galdakaoko ospitaleko hematologia sailak kudeatuko duela Biobizkaiarekin elkarlanean. Era berean, kardiologia saileko osasun profesionalek ere esku hartuko dutela zehaztu du.
Bizkaiari dagokionez, Durangon bakarrik barik, ikerketa Bilboko Harrobia Lanbide Heziketako ikastolan ere garatuko. Era berean, Donostiako erietxe onkologikoan eta Gasteizko Jarduera Fisikoa eta Osasuna Ikertzeko Zentroan ere landuko dute. Guztira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 180 bat herritarrek esku hartuko dute programan.
Bizi-kalitatea hobetzea helburu
Osasun Saileko ikerketa, berrikuntza eta ebaluazio sanitarioko Iñaki Gutierrez zuzendariak azaldu duenez, ikerketari eskerrak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko adierazleak lortuko dira. "Kimioterapiaren eta jarduera fisikoaren sinergiak konbinatuta, ongizate fisikoan eta emozionalean eragitea da asmoa. Gainera, horrek guztiak osasun arreta humanizatzea ere ahalbidetuko du. Ematen dugun urrats bakoitza onuragarria da", azaldu du Gutierrezek. Mireia Elkoroiribe alkatea "harro" agertu da udalerrian ikerketa-proiektua hartzeaz. Udalerria kirolagaz eta ongizateagaz konprometituta dagoela gaineratu du.