[BIDEOA] Urtzi Ispizua durangarrak K.O. batekin debutatu du Thailandian

Anboto 2025ko ots. 17a, 12:51

Muay Thai kontaktu kiroleko borrokaldia bigarren asaltoan irabazi du.

19 urtegaz kontaktu kirola praktikatzen hasi zenetik, Urtzi Ispizua durangarrak amets bat zuen: Muay Thaiaren sorleku eta tenplua den Thailandian borrokatzea. 24 urterekin, ametsa errealitate bihurtu du; joan zen astean bere lehenengo borrokaldi profesionala izan zuen Thailandian, Phuket herriko Patong Boxing estadioan. Eta ez zen edozelako debuta izan: K.O. baten bidez menderatu zuen aurkaria, bigarren asaltoan. Borrokaldia Muay Thai eta K1 modalitateetan izan zen.

Ispizua Laureano Fight Club eta Indar XSport klubean trebatu zen Muay Thaian. Tailandiara orain urte bi joan zen lehenengoz, eskualdeko beste kide batzuekin batera. Entrenamendu saio batzuk egin zituzten han. Aurten bakarrik joan da eta hango Phuket Fight Clubarekin aritu da entrenatzen. Klub horrek ireki dio profesionaletan borrokatzeko atea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!