'Outlet' arropa, gastronomia eta entretenimendua nagusi Dendak Bai Festen edizio berrian

Anboto 2025ko ots. 13a, 15:34

Dendak Bai Fest ekitaldiaren aurtengo edizioa otsailaren 21etik 23ra egingo da Landako Gunean. Askotariko tailerrak eta animazioa egongo dira bertan.

Durangoko Dendak Bai merkataritza elkarteak Dendai Bai Fest egitasmoaren edizio berri bat egingo du datorren asteburuan, izenburu horrekin egiten duen bigarrena, eta hogeigarrena, iraganeko Aukeren Azoka kontuan hartuta. Merkataritza elkartetik jakinarazi dutenez, aurtengo edizioak atal ugari izango du: prezio bereziak eskaintzen dituen outleta, gastronomia gunea, tailerrak eta animazioa. Era berean, umeentzako Jolas Libreko Gunea indarrean egongo da egun horietan zehar. 

Aurten, erosketak otsailaren 13tik 23ra bitartean Dendak Baira atxikitako establezimenduetan zein ekitaldian egiten dituztenek, 100 euroko 5 Durango Oparitu txartelen zozketan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, beharrezkoa izango da karteletako QR kodea eskaneatzea eta erosketa-tiketa eta parte hartzailearen datuak sareratzea. 

Dendak Bai Festek honako ordutegi hauek izango ditu: 

  • Otsailak 21, barikua: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
  • Otsailak 22, zapatua: 10:00etatik 21:00etara.
  • Otsailak 23, domeka: 11:00etatik 14:00etara.

Balantze positiboa

Iaz, 15.000 bisitari baino gehiago izan zituen egitasmoak. Besteak beste, Durangotik, Iurretatik, Abadiñotik, Berriztik, Zornotzatik, Gernikatik eta Elgoibartik hurreratu ziren bisitariak. Establezimenduek oso positiboki baloratu zuten aurreko edizioa; ekitaldiak ikusgarritasuna eta publizitatea eskaini ziela aitortu dute. Era berean, sektoreko hainbat profesionalekin partekatu ahal izan zituzten esperientziak. 

Aurten ere, Dendak Bai Festek Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa izango du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!