Mireia Elkoroiribe alkateak, Josune Escota zinegotziak eta Amaia Frontaura udaltzainburuak udalerriko segurtasunari loturiko datuak eman dituzte goiz honetan. Iazko bigarren lauhilekoko eta hirugarren lauhilekoko datuak alderatu dituzte. Escotak azaldu duenez, aurrerapenak egin dituzte hainbat arlotan, baina landu beharreko beste hainbat gai ere atzeman dute. Horien artean, abasketak; Frontaurak zehaztu duenez, telefono mugikorren, diru-zorroen eta bizikleten lapurretak nagusitu dira-eta arlo horretanHoriek guztiek gora egin dute. Era berean, herritarren kexek eta trafikoarekin lotutako arazoek ere gora egin dute. Kexen arrazoirik nagusienak honako hauek izan dira: "ostalaritzako zarata, terrazak, tabernetako ordutegiak eta hiri-garbiketa", Frontauraren esanetan. Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi duenez, "elkarbizitza hobetzeko helburuz" jarraituko dute lanean, eta erronka modura hartu dute horiei guztiei heltzea.
Josune Escotak zenbakitan ipini ditu joerok. Iazko bigarren lauhilekoan, Udaltzaingoak 2.164 esku hartze egin zituen; kopurua 2.069ra jaitsi zen hirugarren lauhilekoan. Borrokei dagokienez, 26 izan ziren 2023an, eta 19, iaz. Atxiloketen atalean ere, beste horrenbeste: udaltzaingoak 16 herritar atxilotu zituen duela urte bi, eta 6, iaz.
2023 osoan zehar, 181 ebasketa salatu ziren polizia-etxean; iaz, kopurua 326 kasutara iritsi zen. Bizilagunen kexei dagokienez, 2023an 1.041 jakinarazpen erregistratu ziren; iaz, 1.185 izan ziren. Alde horretatik, nahiz eta kopuruak igo, kexak jakinarazten jarraitzera deitu ditu Escotak herritarrak, modu horretan, segurtasunean esku hartzeko aukera gehiago izango dutela iritzita. Amaia Frontaurak argitu duenez, Durangoko joerak bat datoz inguruetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko joerarekin.
Segurtasun Mahaia eta ordenantza berria
Mireia Elkoroiribe alkateak aurreratu duenez, udalak segurtasunean eragiteko neurri bi hartuko ditu laster. Bata, Segurtasun Mahaia eratzea izango da. Ertzaintzak, Udaltzaingoak, udal ordezkariek eta herritarrek osatutako foroa izango da. Beste neurria, ordenantza berri bat sortzea izango da. Azken honekin, "kale, plaza eta gune publikoetako alkoholaren kontsumo desegokia" arautuko dute.
Alkateak bizilagunen inplikazioa eskertu du, eta segurtasunean eragiten, "elkarbizitza eta segurtasuna hobetzeko konpromisoa" berretsi du.