Emakume haiek 'Durangak' (Durangas) modura izendatu ziren ordu hartan, eta arrazoi askogatik kondenatu zituzten sutara: "Ezkondu nahi ez izateagatik, emagin lanetan ukendu edo nolabaiteko aztikeriak esateagatik, beste emakume bat maitatzeagatik zein garaiko arauak apurtu eta emakume ahaldunduak izateagatik", azaldu dute Haize Arrosa taldeko kideek.
Bideoklipeko istorioan sanbenitoa zeramaten emakume biren bizipenak kontatzen dira, hau da, herejeen ikurra zeramaten bi emakumeren gertaerak. Historiako egiazko emakume bi batu dituzte: Marina de Minica (emagina) eta Teresa de Agirre (hilandera), biak gazteak eta ezkongabeak. Era berean denbora-tarte bi batu dituzte: 1500. urtea eta 2025a. "Bi istorioetako protagonistak libre izango dira, behingoz, Anbototik Mugarrarako bidean zein ilargipean, Durangoko Santa Ana plazan dantzan", azaldu du Haize Arrosa taldeak. Era berean, "emakume haiek pasatako sufrikarioa eta injustizia salatu, eta haien izaera eta libre izateko eskubidea goraipatu" gura izan dituzte bideoan. Gaur egun oraindik ere, askatasunean bizitzeko bide luzea egiteke dagoela ohartarazi du taldeak.
Emakume protagonista biak Iholdi Beristain eta Nazaret Froufe aktoreek jokatu dituzte. Gainerako pertsonaien artean Durangaldeko aurpegi ezagun ugari dago.