Durangoko Udalak Zirarmendieta kaleko hegoaldeko espaloia berritzeko lanak hasi ditu, Larrasoloeta eta Urkiagatorre arteko zatian. Udalaren esanetan, proiektuaren helburua oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea da, eta hiri-ingurunea egungo estandarretara egokitzea. Aurreikusitako jarduketen artean daude espaloia eta bidegorria birdefinitzea, zoladurak egokitzea, berdegune berriak integratzea eta hiri-altzariak jartzea. Gainera, hobekuntzak egingo dituzte bide-seinaleetan eta zerbitzu-sareetan. Proiektuaren aurrekontu osoa, BEZ barne, 212.360,36 eurokoa da. Lanak joan den astean hasi zituzten eta maiatzaren hasieran bukatzea aurreikusi dute.