Nando Alonsok Durangoko Kulturaleko entrenatzaile izateari utzi dio

Anboto 2025ko ots. 6a, 09:37

Nando Alonso. (Argazkia: @CulturalDurango)

Alonsok dimititu egin du. Bere laguntzailea izan den Jon Ibarrondok ere ez du taldean jarraituko.

"Nando Alonsok eta Jon Ibarrondok ez dute lehen taldean jarraituko. Biek dimisioa aurkeztu dute". Durangoko Kulturalak bere sare sozialetan zabaldutako mezu horrekin jakinarazi du talde nagusiko lehenengo entrenatzaileak eta bere laguntzaileak euren karguak utzi dituztela.

Alonsok hiru hilabete egin ditu Durangoko Kulturaleko entrenatzaile karguan. Azaroan sartu zen, dimisioa aurkeztu berri zuen beste entrenatzaile bat ordezkatuz: Igor Gordobil.

Klubak oraindik ez du jakinarazi entrenatzaile berria nor izango den. Domekan, 17:30ean, Alaves C taldeak bisitatuko du Tabira futbol zelaia.

Beheko postuetan

Durangoko Kulturaleko talde nagusia sufritzen ari da Hirugarren RFEF Mailan. 18 taldeko ligan, 14. tokian sailkatuta dago, amildegitik gertu. Sailkapenaren erditik behera dabil denboraldiko zatirik handienean. Boladarik txarrena iazko azaroan izan zuen, bata bestearen atzetik lau porrot kateatuta. Egia esanda, areriorik gehienak mailako talderik indartsuenetakoak ziren: Portugalete, Eibar C eta Deusto. Ondoren, erreakzio txiki bat heldu zen eta partidu bi segidan irabazita. Azpimarratzekoa da une honetan bosgarren sailkatuta dagoen Aretxabaletaren kontrako garaipena. Beste partiduan 6-0 jipoitu zuen Gasteizko San Viator azken sailkatua. Harrezkero jokatutako zazpi partiduetatik bakarra irabazi du eta bolada horrek gerturatu du jaitsiera postuetara. Joan zen asteburuan puntu bat ekarri zuen Deriotik (2-2).

Hauteskundeak

Zelai barruan ez ezik, bulegoetan ere izango da mugimendua datozen asteetan. Izan ere, aurten hauteskunde urtea da. Klubak ezohiko batzar orokorra egin zuen urtarrilaren 17an zuzendaritza eta lehendakaritza batzordea berritzeko prozesua abian jartzeko.

Batzar horretan hauteskunde egutegia onartu zuten. Hilabete pasatxo iraungo duen prozesua martxo hasieran abiatuko dute. Zuzendaritza batzorderako hautagaiak aurkezteko epealdia martxoaren 13tik 25era izango da. Hauteskunde eguna, berriz, apirilaren 9an jarri dute. Dena behar moduan badoa, zuzendaritza batzorde berriak apirilaren 16an hartuko du kargua.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!